Arrate Illaro finalaurrekoen atarian da Elortzak Zeanurin irabazi ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 19a, 01:09
Ezusteko handirik gabe, Igor Elortzak lortu du garaipena gaur Zeanuriko frontoian 300 bat bertsozaleen aurrean jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketan. Elortzak 424,4 puntu eskuratu ditu saio ona eta arinean. Arrate Illaro, bigarren gelditu da, 369,5 punturekin, lehenengo agurrean iragarri duenez: "hemen Elortza egonda ez dakit nik zer egiten dudan". Illaro zuzenean sailkatu ez denez, erdietsitako puntuek finalaurrekoetarako txartela eskuratzeko balio duten ikusteko itxaron beharko du. Kontuan hartu behar da 18 lagunek kantatuko dutela Itzubaltzeta / Romo, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeinen baina haietako 7 iazko finalistak eta beste 5 kanporaketen irabazleak izango direla. Momentuz gelditzen diren sei lekuetarako bigarren dago Illaro, Eñaut Intxaurragaren atzetik. Bestalde, Elortza izan ezik beste bertsolari guztiak pelotoian heldu dira Zeanurin, Arrateren atzean: Eñaut Uruburu (367 puntu), Iker Belaustegi (361,5), Iñaki Iturriotz (359) eta, azkena, gomarena egiten, Itxaso Paya (345). Argazkian, Igor Elortza abesten, Arrate Illaro eta Itxaso Paya atzean dituela.
Algortar biek, bata bigarren eta bestea seigarren gelditu arren, egindako saioarekin "pozik" daudela azaldu dute. Arrate Illaroren esanetan, "aurretik ez nuen uste bigarren geldituko nuenik eta, jakina, pozik nago. Zalantzak ditut ea finalaurrekoetan egoterik izango dudan. Berez aukera badaukat baina jende gutxi sartzen denez zail egongo da". Itxaso Payak ere, pozik agertu da egindakoarekin: "kantatu dut gustura eta nahi nuena esan dut".

Kartzelako lanean guztiek 10 edo 12 bertsoetara joan direnean bera zortzikoan murgildu izana bere kalterako izan dela jakin badaki, baina, azaldu duenez "baneukan aukera hiru habanera luze egiteko baina ezer esan esan gabe". Aldiz, "puntuak batu baino nahi nuena esatea" nahiago izan du.

Bestalde, biek ala biek, aho bete hortz gelditu dira epaileen lanarekin: "ez dugu ulertu", azaldu du Itxasok. "Orokorrean, ez nigatik baizik eta guztiongatik diot, puntu gehiago espero genituen".

Epaileak izan ezik, dena pozteko moduan izan dute algortarrek. Izan ere Iñaki Iturriotz igorreztarra etxean jokatzen bazuen ere, animo, txalo eta aldeko oihu gehien jaso dituztenak Arrate eta Itxaso izan dira, frontoi laurdena ALBEko kideek (Fredi eta Xabi Paya eta Peru Vidal lagun, senide eta lehiakideak tartean), goizean mendi txangoan ibili diren Bizarra Lepoan eta Egizuko berbalagunek, edota Leioako Txakurzulo Gazte Asanbladakoek bete egin dutela.

Saio ona eta arina

Bi ordu eskasetan bertso sorta onak entzun dira, batzuk aipatze arren, honakoak:

• Zortziko handian, ofizioan, Arrate Illaro egunkariaren edizio digitalaren irakurleak Iker Belaustegi irakurle analogikoari botatakoak.

• Zortziko handian, ofizioan, Unai Elortza aitari Iñaki "Iturri" Iturriotz 8 urteko semeak lehenengo aldiz etxeko giltzak eskatzeko jaurti dituenak.

• Zortziko txikian, ofizioan, Ipar Uribeko txapeldunek eskainitako norgehiagoka, txakurrak paseatzen dituzten lagunen paperean. Gaitik apur aldenduta, eraso egin du Payak une jakin batean eta "txapelketako jantzi ederra daukazu / Bizkaiko elkartean erosi al duzu?" bota dio erasoan "Bota" logotipoaren oso traje antzekoa eraman duen Arrate lagunari.

• Zortziko txikian, ofizioan, perretxikoetan onena dela beti esan duen Iñaki Iturriotz aititeak Eñaut Uruburu ilobarekin basoan zesta erdi hutsik dutela izandako elkarrizketa.

Puntuari erantzuna bota

• Iker Belaustegik bi puntuei emandako erantzunak:

Arazoen aurrean / altzatu burua...

Krisiak sartu digu / denoi apurua
nahiz eta ondatu den / zeharo mundua
konpontzetan ere / heldu da ordua

Txarto egin ostean / saiatu barriro...

Bankuetxeetatik / ez daukagu giro
baino saiatuz gero / astiro astiro
ekonomia berriz / behar dugu igo

• Arrate Illarok bi puntuei emandako erantzunak:

Maitasuna ei dala / ezinbestekoa...

maitasuna delako / denon gustokoa
eta al bada behintzat / guk egitekoa
behintzat horretarako / badago asmoa

Zer egingo zenduke / maitasunagatik?...

gehiago ein behar da / norberarengatik
burua galtzen dugu / ez dakit zergatik
egin behar ez dena / egiteagatik

• Igor Elortzak lehenengo puntuari emandako erantzuna:

Arduraz hartu daigun / gure osasuna...

baina batzutan ahaztu / iten da laguna
tragoak edatea / le(he)n bota duzuna
horrexek galdu leike / pertsonen garuna

Kartzelan sartutako suhiltzaileak

• Kartzelako lanean Arrate Illaro suhiltzaileak gauean lanetik jasotako deiari botatako lehenengo bertsoa:

Gaua dela eta ordu luzetan / gu txanda egiten gaude
dei bat jasota larria bada / ezin altxatu suabe
ikusi ditut hainbeste katu / ta hainbeste kontu grabe
urte pila bat pasatu ditut / eta ohitu naiz halere
ia beste bat salbatzen dugun / buruaz beste egin gabe (bis)

• Kartzelako lanean Itxaso Paya suhiltzaileak gauean lanetik jasotako deiari botatako lehenengo bertsoa:

Goizeko lauak ohean nago / ta mobilari arreta
aupa itxaso arropa jantzi / ta hona etorri lasterka
gogorra bada baina ez daukat / orain kexatzeko beta
suhiltzailea izatea nik / aukeratu nuen eta

• Kartzelako lanean Eñaut Uruburu suhiltzaileak gauean lanetik jasotako deiari botatako bigarren eta hirugarren bertsoak:

Eta lagunek ere koadrilan / egiten deustie barre
baina beharrok azkenerako / gauza onik ez dakarren
ikusi dodaz andrak biluzik / ta hamaika ume erre
tokatuz jaku ofizioan / eta egin daiogun aurre
hemen bakoitzak bere astoari / egin behar doutso arre (bis)

Argi itxi dot ari honetan / dagoz hamaika iritzi
baina alarmak jo deusku eta / gura neuke iritsi
gure barreak eta txisteak / nahi gogaz alboan itxi
tokatzen jaku aguantzatzea / malko oihu ta irrintzi
eta osorik baldin bagatoz / ez da izango gauza gitxi

• Kartzelako lanean Igor Elortza suhiltzaileak gauean lanetik jasotako deiari botatako lehenengo bertsoa:

zapatua da eta urria / goizeko lauetan edo
Sanfaustoetan Durangaldean / badabil nahiko endredo
sartu kamioan hor joan gara / deia jaso eta gero
ailegatu da suten lekua / eta nago bero bero
neure etxea izango zenik / ez neban eta espero (bis)

• Igor Elortzak botatako azken agurra:

Egia jakin nahi badozue / bastante gustora nago
atzeko batzuk ipini deustez / pentsatu baino gehiago
zuei barriz eskerriz asko / esan beharrik ez dago
biba zeani gora san fausto / ardura bat gutxiago
biba zeani gora san fausto / eta beste bat gehiago.

Hurrengo kanporaketan, Peru Vidal

Datorren larunbatean, hilak 25, Muskizen, Meatzari Aretoan, izango da hurrengo kanporaketa, arratsaldeko 5.30ean. Bertan, Peru Vidal leioaztarra, Jabier Olibares, Oihana Bartra, Mikel Petuya, Ander Salaberria eta Julen Erezuma arituko dira bertsoetan. Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta bakarka, hasierako puntua emanda bertso bi zortziko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda beste hiruna bertso doinu eta neurri librean. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoak, puntuen arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera. Muskizeko kanporaketarako sarreran 8 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 3 euro.

Dagoeneko www.botasarean.biz txapelketarako beren beregi atondu den webgunean, abenduaren 20an Barakaldoko BECen egingo den finalerako sarrerak erreserbatu daitezke. Erreserba egiten duenari etxera bidaliko zaio eskatutako sarrera edo sarrerak (bat baino gehiago eskatuta). Webgunean erreserbak egiteko azken eguna abenduaren 18koa izango da. Hala ere, abenduaren 13tik 18ra eskatzen dutenek, etxean barik, BECeko lehiatilan jaso beharko dute sarrera. Hiru preziotako sarrerak daude: arrunta 16 euro, bazkideentzat 12 euro eta 16 urtetik beherakoentzat 8 euro. Webgunean (www.botasarean.biz) ezezik, BBKren orotarako kutxazainetan edo 944 310 310 telefono zenbakian ere eskuratu daitezke finalerako sarrerak.

Orain arteko sailkapena:

• Igor Elortza, 424,4 puntu. Sailkatua zuzenean.
• Eneko Abasolo, 392,5. Sailkatua zuzenean.
• Eñaut Intxaurraga, 380,5.
• Arrate Illaro, 369,5.
• Eñaut Uruburu, 367.
• Xabier Enbeita, 365,5.
• Garikoitz Sarriugarte, 364.
• Iker Belaustegi, 361,5.
• Iñaki Iturriotz, 359.
• Itxaso Paya, 345.
• Olatz Ibarluzea, 342,5.
• Xabat Galletebeitia, 338,5.

Argibide, bideo, argazki eta audio gehiagorako jo zuzen www.botasarean.biz webgunera
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun