Bi pertsona atxilotu dituzte Getxo udalerrian txanpon-makinetan iruzurra egin dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 16a, 21:53

Ertzaintzak Y.T., 46 urteko emakumezkoa eta haren bikotekidea den CH.W. 50 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo arratsaldean, iruzur delitu bat egin izana egotzita. Dena den, ertzainek ezin izan dute azaldu maula zelan egiten ei zuten. Herrizaingo Sailaren arabera, bikoteak txanpon tindatuak erabili zituen makina-txanponjale batean saria lortzeko. Bikotearen jarrerari susmagarri iritzi zion Getxoko taberna baten jabeak, bata bestearen atzean sari ugari irabazi zituztela ikusita. Gertakariak atzo arratsaldeko 7:30ean jazo ziren, Getxoko ostalaritza establezimendu batean. Asiar jatorriko bikote bat lokalera sartu eta makina-txanponjale batean jokatzen hasi zen. Bezero horiek zelatan ari zirela ikusita, lokalaren jabeak susmo txarra hartu zien eta makina haren jabeari deitu zion sariak lortzeko bikotea iruzurren bat egiten ari zela pentsatuta. Izan ere, sari ugari lortu omen zituzten oso denbora gutxian.

Makina-txanponjale horien jabea tabernara joan zen eta, bezero arrunt bat bailitzan haiei begira jarrita, bikotea euro bateko txanpon tindatuak sartzen eta sari ugari lortzen ikusi zuen. Ertzaintzari horren berri emanda, patruila bateko agenteek CH.W. eta Y.T., 46 atxilotu zituzten, iruzur delitu bat egin izana egotzita. Agenteek txanpon tindatu ugari atzeman zizkieten eta Ertzaintzaren arabera txanpon tindatuak "makina horien mekanismoak kontrolik gabe uzteko erabilitakoak" ziren, "antza".

Bigarren kasua aste honetan

Iragan astelehenean, urriaren 13an, Ertzaintzaren agenteek beste bi gizonezko atxilotu zituzten Bilbon antzeko gertakariak egotzita. Orduko hartan, atxilotuek (asiar jatorrikoak haiek ere) Bilbo erdialdeko jolas areto batean eta ostalaritza establezimendu batean dauden txanpon-makina batzuk manipulatu zituzten. Atxilotu zituztenean, 3.869 euro zeuzkaten esku-dirutan, "makinak manipulatuta lortutakoak antza, eta tindatutako txanpon batzuk atzeman zizkieten", Herrizaingo Sailak zabaldu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun