“Batek mila, euskal munduak” erakusketan Euskal Herriko eta diasporako munduen berri izango dute ikusleek; gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore batzuen ikuspegi gurutzatuek osatzen duten kaleidoskopioa, alegia. “Erakusketak egungo euskal kultura baloratu nahi du, publiko berriarengana ailegatuz. Horretarako teknologia berriak ditu euskarri”, azaldu du Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendariak. Bestalde, urriaren 30ean, Ipar Euskal Herriko mendiei buruzko diaporama aurkeztuko du, Algortako kultur aretoan, Villamonten, Ingurumen arloko ikasketak eginda dituen Panpi Olaizola mendiko gidariak. Saioa 20:00etan izango da. Eta azaroaren 9an Saratik Altxangarako mendi ibilaldia egongo da, Olaizola bera gidaria dela. Horretarako, dagoeneko Villamonten izena eman daiteke (txartela 3 euro).
Dantza egin eta abesteko hainbat aukera
Bestalde, urriaren 31n Algortako San Nikolas plazan (eguraldi txarra egingo balu Getxo Antzokian) izango den erromerian parte hartzeko bi ikastaro antolatu ditu Euskara Zerbitzuak. Alde batetik, dantza ikastaroa izango da urriaren 17an eta 24an Zabala ikastetxean, herriko dantza taldeen eskutik eta; bestetik, kanta ikastaroa Mikel Markez kantariaren eskutik urriaren 21ean eta 28an Aldai Kulturgunean. Izena emateko eta informazioa lortzeko telefono zenbakiak 944 660 010/11 dira. Arratsalde horretarako prestatuko den txitxiburduntzian Ipar Euskal Herriko txerrikia, Irulegiko ardoa eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da. Dantzaldia Lapurdiko Kiki Bordatxok alaituko du, 19:00etan hasita.
Ken Zazpi eta Elaudi taldeek, berriz, Ipar-Hegoa kontzertua eskainiko dute azaroaren 1ean Getxo Antzokian, 20:00etan. Sarreren prezioa 5 eurokoa izango da eta urriaren 20tik aurrera erosi ahal izango dira kultur etxean. Gainera, kontzerturako txartelak lortzerik ez dutenetzat pantaila handia jarriko dute plazan. Halaber, Atfal Sahararen aldeko elkarteak ipinitako txosna egongo da San Nikolasen. Azaroaren 4an My Jok Kolektiboak "Burp Underground Report" dokumenala aurkeztuko du Algortako kultur aretoan, 20:00etatik aurrera, Ipar Euskal Herriko bost pertsona edo talderen bidez euskal gazteriaren beste ikuspuntu bat erakusteko. Amaitzeko, azaroaren 6an Koldo Amestoy ipuin kontalariaren saioa izango da Getxoko Geroa ikastolan, Bizarra Lepoan euskara elkartearen eskutik.