Osasun txartel elektronikoa bihartik aurrera eskatu ahal izango da Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 16a, 22:56

Ostiraletik (urriak 17) aurrera hasiko dira banatzen Getxo udalerrian ONA izeneko erabilera anitzeko osasun txartel elektronikoa. Agiri berriak egungo osasun txartela ordezkatzeaz gain, etxetik mugitu gabe, erakunde publikoetan hainbat izapide egitea ahalbideratuko du. “Hartara, administrazio elektronikoa garatzeaz gain, Getxoko Udala informazio teknologien munduan sartzeko bide horretan jauzi handi-handia emateko garrantzi izugarria duen ekintza da. Udalak emango duen jauzi honek herritarrei zerbitzu hobeago eta erosoagoa eskaintzea ekarriko du”, azaldu du gaur goizean Imanol Landa Getxoko alkateak. Tokiko erakundean eta Osakidetzan ez ezik, Eusko Jaurlaritzan ere izapideak egiteko aukera ematen du. Eta eskualdean, Getxon ez ezik, besteak beste, Berango (Abarotxu Bidea, 17) eta Sopelako kzguneetan (Gatzarriñe, 2) ere eskatu daiteke. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Josu Garai Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun-Finantziazio eta Kontratazioko zuzendaria, Carmen Gomez Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako Administrazioa Eraberritzeko Bulegoko zuzendaria eta Imanol Landa alkatea gaurko prentsaurrekoan.

Irudi eta izen aldaketaz gain, "teknologia berriek dakarten kultur aldaketari aurre egiteko" sortu da osasun txartel berria. Ziurtagiri digital bat txertatuta darama barruan. "Legeak ezarritako baldintzak betez, administrazioarekin harremanak izateko ezinbesteko bermeak eskaintzen ditu, segurtasuna eta isilpekotasuna zainduz”, Carmen Gomez Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako Administrazioa Eraberritzeko Bulegoko zuzendariak adierazitakoaren arabera. Osasun ikuspuntutik, “Ona txartelak, besteak beste, osasunari buruzko informazioa eskuratzea, sendagilearen aldaketa eskatzea, emandako sendagairen ganeko datuak eskatzea edo iradokizunak aurkeztea ahalbideratuko du”, Josu Garai Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun-Finantziazio eta Kontratazioko zuzendariak azaldu duenez.

Gainera, Jaurlaritzako hainbat sailekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun sailarekin eta erakunde pribatu batzuekin, esate baterako BBKrekin, zenbait izapide ere egin ahal izango dituzte herritarrek. Udal zuzemenei dagokienez, Ona txartelarekin erroldatze agiria lortu ahal izango dute herritarrek. Bestalde, 2009ko hasieran txartela Getxo Kiroletan ere erabili ahal izango da, bai kiroldegietara sartzeko, bai oso bestelako gestioak egiteko.

Txartelaren hedatzea

Ona txartela bihartik aurrera eskatu ahal izango da udalerriko hiru osasun zentroetan, Areetakoan, Bidezabalgoan eta Alangokoan, 900 840 884 telefono zenbakian aurretiko hitzordua eskatuz. Baita Herritarren Arretarako lau Bulegoetan ere, hau da, Benturillenan (Getxo), Zabalan (Algorta), udaletxean edo Itzubaltzeta / Romo-Areetan. Horietan, astegunetan, astelehenetik ostiralera, eskatu ahal izango da txartela, 8:00etatik 14:00etara. Getxoko hiru udal kiroldegietan ere tramitatu ahal izango da, Getxoko probalekuan, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara; Faduran, 9:00etatik 21:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 9:00etatik 14:00etara larunbatetan. Eta Gobelan ordutegi berean. Txartela doakoa da eta eskatzeko Espainiako Nortasun Agiria eta egungo osasun txartela (TIS) eraman beharko dituzte herritarrek. Ona txartel berria hiru asteko epean jasoko dute erabiltzaileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun