Kantauri isurialdeko giza leinuek Europako mapa genetikoan duten garrantzia berretsi du ikerketa batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 17a, 13:29

EHUko ikertzaile batek Kantauri isurialdeko hiru giza populazio autoktonoren ama-leinuen (DNA mitokondrialaren) azterketa zehatza egin du bere doktore-tesian. Azterketa horren bidez, populazio horiek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten papera argitu nahi izan du. Sergio Cardoso Martín doktoreak egindako lanak H1 eta V leinuek birpopulaketa-prozesuaren markatzaile genetiko gisa duten garrantzia azpimarratzen du, eta J1c, U5b eta T2b leinuak aintzat hartzea proposatzen du. Azken glaziazio osteko Europaren birpopulaketak interes handia piztu du azken urteotan populazioen genetikaren baitan. Zehazki, duela 15.000 urte gertatu ziren migrazioek egungo europar populazioen egitura genetikoan izan dezaketen eragina da interesa pizten duena. Ikerketa horietako asko DNA mitokondrialean edo ama-leinuetan oinarritu dira; izan ere, gizakiaren ondare genetikoan populazio-migrazioek izan zuten eragina argitzeko tresna gisa erabiltzen dira. Cardoso Biokimikan lizentziatua da, eta, egun, doktoretza ondoko ikertzailea da. Haren tesiaren zuzendariak izan dira Marian Martinez de Pancorbo eta Miguel Angel Alfonso Sanchez. Biak Genomika Zerbitzua: DNA Bankuko partaide dira, eta Martínez de Pancorbo, gainera, EHUko Farmazia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko irakaslea da. Argazkian, Sergio Cardoso Martin.

Gai horren inguruan, Sergio Cardoso Martinek honako tesi hau aurkeztu du: "Diversidad del genoma mitocondrial en poblaciones autoctonas de la Cornisa Cantábrica: Huellas de la recolonización postglacial de Europa" (Kantauri isurialdeko populazio autoktonoen genoma mitokondrialaren dibertsitatea: glaziazio osteko Europaren birpopulaketaren aztarnak). Cardosok, DNA mitokondrialaren aldakortasuna aztertuz, babesleku "franko-kantauriarreko" populazioek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten inplikazioa ikertzen du tesi honetan. Babesleku franko-kantauriarra Frantziako hego-mendebaldean hasi eta Kantauri isurialdearen ekialderaino zabalduko litzateke. Kokapen hori, azken glaziazioan Europa iparraldetik klima-egoera gogorrarengatik hegoalderantz migratu zuten giza taldeen babesleku garrantzitsuena da.

Markatzaile genetikoen bila

Ikerketa horretan, Kantauri isurialdeko hiru populazio autoktonotako 194 pertsona aztertu ditu Cardosok. Populazio horiek EAEko Arratia eta Goierrin, Nafarroako Baztanen eta Kantabriako Pas bailaran kokatuta daude. 194 lagunen DNA mitokondrialaren HVI eta HVII kontrol-segmentuak sekuentziatu ditu. Gainera, 43 lagunen DNA mitokondrial osoa sekuentziatu du bi helbururekin: babesleku franko-kantauriarreko ama-leinuen eboluzioa berreraikitzea eta sekuentziatutako segmentuen emaitzak berrestea. Horrez gain, ikerketa horrek aztertutako lagunak haplotalde izeneko gene-familietan sailkatzea ahalbidetzen du. Haplotalde horien maiztasuna eta Europan duten banaketa ere aztertu ditu, eta leinuen arteko arbaso komun gertukoenaren antzinatasuna kalkulatu du.

Aniztasun genetiko murritza

Ikertutako 194 pertsonetatik gehienak europar populazioan berezkoak diren haplotaldeetakoak dira. Horrez gainera, oso ezohikoak diren haplotaldeak aurkitu ditu, eta, salbuespen moduan, jatorri afrikarreko haplotalde baten eramaileak aurkitu ditu, Pas haranean.

Euskal eta nafar populazioei dagokienean, maiztasun handieneko haplotaldea H da, eta, horren barnean, H1 azpitaldea. Era berean, bi populazio horietan, J1c leinuaren maiztasun altua nabaria da, eta, Nafarroa iparrean, batez ere U5b eta T2b leinuen maiztasun nabarmena ikusi da. Pas haranean, ordea, V da haplotalde ohikoena. Klima-kondizio gogorrak eta orografia jotzen dira populazio horien isolamenduaren arrazoitzat, eta, ondorioz, tokiko mikrobereizketa genetikoarena.

Haplotalde bereizgarriak izateaz gain, ikertzaileak ikusi ahal izan du aztertutako hiru populazio autoktonoek aniztasun genetiko murritza dutela beste europar populazioekin alderatuta, bai eta Iberiar penintsulako beste populazioekin alderatuta ere. Europako testuinguruan, Arratia, Goierri eta Pas haranek dute, Galiziarekin batera, leinu-aniztasun murritzena. Nafarroa iparraldeko datuak, ordea, erreferentziako europar populazioen tarte berean daude. Hori azaltzeko, ikerketa honen egileak dio Nafarroako iparraldea ez dela beste eskualdeak bezain bakartuta egon erromatarrek, arabiarrek eta judutarrek eragina izan zutelako han, eta Santiagoko bidean kokatuta dagoelako.

Era berean, Europako beste populazioekin egindako alderaketak erakutsi du hainbat haplotaldek babesleku franko-kantauriar delakoan dutela maiztasun handiena. Aurkikuntza horietatik ondorioztatu dute litekeena dela haplotalde horiek definitzen dituzten mutazioak babeslekuaren eremuan sortu izana, edo Europa iparraldetik babeslekura mugitu zirenek eraman izana. Ondoren, populazioa hedatu ahala, haplotalde horien maiztasuna handitzen joango zen. Fenomeno horri “fundatzaile efektu” deitzen zaio.

Europaren birpopulaketaren markatzaile genetikoak

Ikerketa horren bidez, H1 eta V leinuek —aztertutako pertsonetan maiztasun handiena dutenek— Europako hego-mendebaldetik abiatutako birkolonizazioaren markatzaile genetiko gisa duten garrantzia berretsi ahal izan da. Era berean, ikusi da T2b, J1c eta U5b leinuak ongi kontserbatzen diren ‘ama-leinu paleolitikoak’ direla eta maiztasun garrantzitsuaz agertzen direla aztertutako zonaldean. Horregatik, etorkizuneko ikerketetan, leinu horiek H1 eta V leinuekin batera erabiltzea proposatzen da, bai glaziazio osteko Europaren birpopulaketa-prozesuaren ikerketan, bai prozesu horrek egungo Europako ondare genetikoan izandako inpaktuaren azterketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun