Uztailaren 26an zendutako Jose Luis Ugarte Areetako marinelari omenaldia egin zioten atzo arratsaldean Getxoko udalbatza aretoan. Besteak beste, bertan izan ziren munduari bira berak bakarrik emateagatik ezaguna egin zen nabigatzailearen emaztea, alabak, gainerako familiarrak, lagunak eta Imanol Landa alkatea bera. Udal agintariak itsasgizonaren gizatasuna azpimarratu nahi izan zuen. Gogoratu zuenez, Jose Luis Ugarte Getxo udalerriko seme kutuna izendatu zuten 1995ean eta, aldi berean, Areetako kale bati bere izena jarri zioten. Alabetako batek ekitaldira joan zirenei eta aitari babesa eman zioten erakundeei eskerrak eman zizkien. Getxoko alkateak, berriz, nabigatzaileen artean tresna maitatua den Torricelliren barometroa oparitu zion familiari. Argazkian, Landa alkatea alargunari oparia ematen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!