Dagoeneko www.botasarean.biz txapelketarako beren beregi atondu den webgunean, abenduaren 20an Barakaldoko BECen egingo den finalerako sarrerak erreserbatu daitezke. Erreserba egiten duenari etxera bidaliko zaio eskatutako sarrera edo sarrerak (bat baino gehiago eskatuta). Webgunean erreserbak egiteko azken eguna abenduaren 18koa izango da. Hala ere, abenduaren 13tik 18ra eskatzen dutenek, etxean barik, BECeko lehiatilan jaso beharko dute sarrera. Hiru preziotako sarrerak daude: arrunta 16 euro, bazkideentzat 12 euro eta 16 urtetik beherakoentzat 8 euro. Webgunean (www.botasarean.biz) ezezik, BBKren orotarako kutxazainetan edo 944 310 310 telefono zenbakian ere eskuratu daitezke finalerako sarrerak.
Bitartean, Muskizen jokatuko den hirugarren kanporaketa, kultur etxean izan beharrean Meatzari aretoan egingo dela zehaztu dute antolatzaileek. Aipatu saioa hilaren 25ean, larunbatean, izango da 17:30ean. Horretan Peru Vidal leioaztarra sartuko da lehian. Eta berarekin batera, Itzubaltzetako Bertso Eskola zuzendu zuen Oihana Bartra mahatserrikoa, Mikel Petuya, Jabi Olibares, Ander Salaberria eta Julen Erezumak abestuko dute.
Bitartean, hona hemen bihar lehiatuko diren bertsolarien fitxa:
Arrate Illaro
1989an jaiotako algortarra. Ikusentzunezkoak ikasten dabil Leioan. Eskolartekoetan Euskal Herriko txapelduna 2006an. Aurtengo Ipar Uribeko txapelduna da eta lehenengoz parte hartuko du Bizkaiko txapelketan.
Itxaso Paya
1988an jaio zen Algortan. Psikologia ikasten hasi bazen ere, Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten dabil gaur egun. 2006ko Ipar Uribeko txapelduna da.
Igor Elortza
1975an jaio zen Durangon. Topografia Ingeniaritza ikasi zuen eta kantagintza, iritzi artikulugintza zein gazteentzako literaturgintzan jardundakoa da. Gaur egun Anboto astekarian dabil euskara zuzentzaile moduan. Bizkaiko txapelduna izan da lau bider eta birritan abestu du Txapelketa Nagusiko finalean. "Gu ta Gutarrak" proiektuarekin bide pertsonalagoa landu ostean, bueltan dator txapelketetara eta plazaz plazako bertsogintzara.
Iñaki Iturriotz
Igorreztarra, 1983an jaioa. Kazetaritzan lizentziatua. Gaur egun, doktoretza egiten dabil eta Bertsozale Elkarteko komunikazio taldeko kidea da. 2006ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara heldu zen. Aurtengo Arratiako txapeldunordea da.
Iker Belaustegi
1979an jaio zen Munitibarren. Plastiko-kautxu heziketa zikloa ikasi du. Makinen programatzaile moduan ibili da lanean eta Munitibarreko alkatea da gaur egun. 1998an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko txapelketan (Araba- Bizkaikoa zen garai haietan). Aurtengo Busturialdeko txapeldunordea da.
Eñaut Uruburu
1989an jaiotako abadiñoarra. Psikologiako ikaslea. Lehenengoz abestuko du Bizkaiko Txapelketan.