Algortako Ereaga hondartzan, La Terraza izeneko taberna dagoen eraikina bota eta berria altxatzeko proiektua "garai hobeak datozenerako gordetzeko" eskatuko dio, urriko udalaren osoko bilkuran, Imanol Landa alkateari Getxoko PPk. Bertan, besteak beste, "luxuzko" taberna-jatetxea, orain ondoan dauden sorosle eta hondartzainentzako tokiak, eta errepidez bestaldeko turismo bulegoa kokatu nahi ditu EAJk zuzentzen duen Gobernu Taldeak, sotoa eta lehenengo solairua edukiko dituen eraikinean. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen arabera, "ez da garai egokia" horrelako egitasmo baterako: "Ekonomia krisaldi egoeran gauden honetan, ez da garairik onena luxuzko jatetxean 3.400.000 euro gastatzeko. Getxoko familia bakoitzeko antzinako 30.000 pezeta dira!", deitoratu du Arruek. Getxoko PPren arabera, "premiazkoagoak" diren proiektuetan erabili beharko litzateke orain dirua: ekaineko uholdeetako kalteak arintzen, uriolak saihesteko lanak egiten eta Itzubaltzeta / Romoko nagusien etxe berria altxatzen, hurrenez hurren. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Jesus Toca-Toña, Marisa Arrue eta Eduardo Andrade (Udalaren proiektuaren diseinua eskuan) gaur La Terrazan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!