Getxoko Udalak Nikaraguako Tipitapa udalerrian azpiegitura egitasmo batean laguntzeko 48.101 euro eman ditu. Proiektua aipatu udalerriko Oronte Centeno izeneko auzoan ibai-drainatze sistema eraikitzean datza. Ekimena duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen Euskal Fondoa eta Tipitaparen arteko elkarlanaren emaitza da. Getxoko Udala 2001ean sartu zen Euskal Fondoan eta harrez geroztik aipatu udalerriarekin kolaboratu du, egitasmo batzuetan: horien artean, herritarrei heziketa emateko, zergen bilketa eta udal plangintza hobetzeko, garraiobideak hobetzeko eta tokiko arriskuak gestionatzeko. Tipitapa Managua iparmendebaldean dago. 975 metro koadroko azalera du eta eta 109.000 biztanle ditu. Zerbitzu eta merkataritza jarduerak oso handiak dira bertan eta, horregatik, urtean 10.000 bat lagun joaten dira Managuatik Tipitapara, bertan lan egiteko. Proiektu berriak 8.996 bizilaguni on egingo die, bere helburua euri urak bideratzea baita, uholdeak ekiditeko. “Era horretan osasun eta garbiketa baldintzak hobetu eta, ondorioz, gelditutako uretan egoten diren eltxoek kutsatzen dituzten gaixotasunei, esate baterako malariari, aurre egingo zaie”, Itziar Uzkiano Euskal Fondoko teknikariak zehaztu duenez. Argazkian, lanak egin behar dituzten Tipitapako ingurua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!