![](http://farm4.static.flickr.com/3179/2950262648_cc834e8187_m.jpg)
Astelehenetik aurrera, Getxophoto nazioarteko argazki jaialdian erakutsitako tamaina handiko bost irudi ikusgai egongo dira EHUko Leioa eta Erandioko campusean. Argazkien egileak Sammy Baloji, Cecilia Paredes, Dionisio Gonzalez, Fernando Maquieira eta Philip Kwame Apagya dira. "EHUrako aukeratu den Philip Kwame Apagyaren obra, Getxon ez bezala, formatu handian erakutsiko da. Getxophoto, beraz, mutatu egin da, hau da, eraldaketa prozesuan dagoen leku honetara egokitzeko transformatu", unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. Horrezaz gain, hilaren 22 eta 23an Getxophotoko arduradun Alejandro Castellotek "Idiomas y dialectos" mintegia eskainiko du Arte Ederren Fakultatean. Argazkian, oraindik orain, Algortako Maria Kristina parketik Ereagara jaisteko igogailuan ikus daiteke Jorge Ruedaren "Ascension" lana.