Asteburu honetan Kataluina aldera egin du bidaia Leioako
Askartza EHUk, Espainiako waterpolo ligako Lehenengo Mailako bigarren jardunaldia jokatzeko. Bertan, Hospitalet klubaren aurkaka partida daukate leioaztarrek larunbat honetan, urriak 18, 18:00etan. Igaz, joko kazkarra eginez galdu zuen (13-10) bertoko norgehiagoka Askartzak. Eta aurten ligako lehenengo garaipena lortu nahi izango du bere etxean Hospitaletek, joan den astean 7-5 galdu baitzuen katalana ere den Horta taldearen kontra. Hala ere, Gorka Martinez de Osaba leioaztarren kapitainak argi dauka: "Talde sendoa da Hospitalet, orain pare bat denboraldi Ohorezko Mailatik jaitsi zena. Baina, hori horrela izanda ere, edozein talderi irabazteko kapaz gara. Gogo faltagatik ez da izango. Beraz, badugu abantaila, ezta?". Une honetan Askartza laugarrena da 12ko taulan, CN Catalunyaren aurka etxean 9-8 irabazi ostean.