Espainiako Auzitegi Nazionalak Amnistiaren Aldeko Batzordeko eta Askatasuneko 21 kide zigortu izana, eta bi erakundeak legez kanpo utzi izana
"onartezina" dela adierazi du Eusko Legebiltzarrak. Aralarrek aurkeztutako proposamenari babesa adierazi zioten atzo EAJk, EAk, Ezker Batuak eta Ezker Abertzaleak, eta aurka bozkatu zuten PSEk eta PPk. Ebazpenaren bidez, "indarkeriazko ekintzak egiten ez dituzten taldeak terroristatzak jotzea eta zigortuak izatea" gaitzesten du ganberak. Halaber, talde bateko kide izateagatik pertsonak edo gizabanakoak zigortzea kritikatu du. Ildo horretatik, Espainiako Zigor Kodearen interpretazioa "demokraziaren ikuspegitik" egin beharrekoa dela dio Legebiltzarrak; hala, "erantzukizunak indibidualak" izan behar direla, eta "segurtasun juridiko pertsonala zaindu" behar dela dio onartutako proposamenak. Espainiako Auzitegi Nazionalak irailaren 17an erabaki zuen Jagoba Terrones berangoztarrari eta 33/01eko beste 20 auzipeturi kartzela zigorra jartzea, horietako gehienak berehala espetxeratzea eta AAB eta Askatasuna legez kanpo uztea. Bitartean, atzo, 110 lagunek egin zuten elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan
Anjel Figueroa preso gaixoaren egoera salatu eta euskal errepresaliatu politikoen eskubideak aldarrikatzeko. Argazkian, AAMren kontrako epaia salatzeko Berangon egindako manifestazioa.