Fisikaren eredu estandarrek oraindik azaldu ez duten fenomenoetako bat da unibertsoaren hedapen azeleratua. Einsteinek kosmosa deskribatzeko eredu estatiko bat proposatu bazuen ere, gaur egun jakina da hedatzen ari dela. Besteak beste, supernobei esker dakigu hori. Izar-leherketa oso distiratsuak dira supernobak, eta, hain zuzen, horregatik dira hain baliagarriak kosmosaren urruneko zatiak ikusteko. Supernobetatik iristen zaigun argi kantitatea neurtuta, jakin daiteke zer distantziatara dauden, eta haien koloreari erreparatuz kalkula daiteke zer abiaduratan aldentzen ari diren. Izan ere, zenbat eta kolore gorriagoa izan, gugandik orduan azkarrago aldentzen ari dira. Hau da, bi supernoba konparatuz gero, abiadura mantsoenean aldentzen denak kolore urdinagoa izango du, eta azkarren aldentzen denak, berriz, gorriagoa. Astrofisikariek ikusi dutenez, supernobak, aldentzeaz gainera, gero eta azkarrago aldentzen ari dira; alegia, abiadura azeleratuan aldentzen dira, unibertsoko beste materia guztiarekin batera.
Energia ilunaren bila
Baina unibertsoan dagoen energia ezaguna ez da nahikoa azelerazio hori eragiteko. Hortaz, komunitate zientifikoan usterik zabalduena da ‘energia ilun’ bat badagoela, hau da, hark sortzen duen grabitazio-indarragatik izango ez balitz, detektatu ezingo genukeena. Kosmoseko energia guztiaren %73 iluna dela uste da. Energia ilunarena ez da nolanahiko eztabaida: existitzen denik ezin da frogatu, baina hura gabe fisikaren eredu estandarrek ezingo lituzkete unibertsoan gertatzen diren fenomeno asko azaldu.
Eta... zer da energia iluna? Zer ezaugarri ditu? Ezaugarri horiek beti berdinak izan dira ala denboran zehar aldatzen joan dira? Galdera horiei erantzun nahi diete EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile horiek, Alexander Feinstein buru dutela.
Energia ilunaren ezaugarri ezagun bakarra da grabitazio-indar aldentzailea izatea. Hau da, guk ezagutzen dugun grabitazio erakarleak ez bezala, indar horrek joera du galaxiak, izarrak eta unibertsoko gainerako egiturak bata bestearengandik aldentzeko. Horrek azalduko luke zergatik ez den konstantea kosmosaren hedapena, azeleratua baizik. Baina, fenomeno hori behaketa-distantzia oso handietara iritsiz soilik detekta daiteke. Horregatik da hain zaila energia iluna ulertzea eta azaltzea.
Mamu-energiaren teoria
Noraino heda daiteke unibertsoa? Grabitazio-indar aldentzaile hori gero eta indartsuagoa bada... infinitu bihurtu al daiteke? Hori da EHUko ikertzaileek aztertzen duten gaietako bat. Hain indartsua den energia ilun horri mamu-energia deitzen diote. Haren eraginez kosmosa hainbeste heda daiteke, non ezagutzen ditugun egiturak deuseztatu egin baitaitezke.
Unibertsoaren hedapen azeleratua azaltzeko eredu egokiena mamu-energiarena izan daitekeela uste du ikertzaile talde horrek. Besteak beste, Big Bang-ez geroztik kosmos osoan barreiatu den hondoko mikrouhinen erradiaziotik eta galaxien banaketaren azterketatik ondorioztatu dute hori. Uhin horiek norabide guztietan hedatzen dira, eta, haiei esker, oso antzinako gertaerak azter daitezke, ororen hasieratik gertu dauden gertaerak.