Karraren hotzetan, "irabazi beharreko partida" zen atzokoa. Eta, hasieran, Jeremias Palumbok Nin valentziarrak gauzatutako zigor kolpeari halako beste batekin erantzun zion arren, Abelles taldea nagusituz joan zen lehenengo zatian: Albrisik eta bigarren lerroko Nadalek entsegu bana lortu zuten. Berdintzea (13-13) lortu zuten hori-beltzek, Palumboren jaurtiketari eta Abateren entseguari esker. Hala ere, bigarren zatiak traza berbera hartu zuen. Valentziarrek lortutako azken entsegua erabakiorra izan zen eta getxoztarrak amaieran baino ez ziren esnatu. Dagoeneko berandu. Berriro ere "jasotako umiltasun ikastaroaz" aritu zen akabuan Karra: "Barkaezina da autobusez eta atsedenik hartu gabe 800 kilometro egin dituen talde bati etxean bezala jokatzen uztea. Gogo handiagoz ibili direlako irabazi gaituzte. Guk, ordea, akats larriak egin ditugu etengabe. Bestalde, aitzakia iruditu arren, aldatzeko jokalaririk ez dugu izan lehenengo lerroari arnasa emateko. Jokalariekin hitzegin beharko dugu", azaldu zuen entrenatzaileak.
Getxo Artea RT 13 – 18 Les Abelles
Partidaren fitxa:
13-Getxo Artea: Alzola, Dani Rodriguez, Aboitiz, Duran, Lee Williams, Agirre, Lopategi, David Hernandez, Mirones, Palumbo, David Martin, Monasterio, Abate, Garate eta Elder eta, beranduago, Zaballa eta Etxeandia.
18-Les Abelles: Montofano, Lionel, Conejero, Parra, Marti, Viñuela, Nadal, Poulsen, Montiel, Nin, Poggi, Albrisi, Montoliu, Treacy eta Perez del Castillo eta, beranduago, Marquez, Bottarini, Arnuchi eta Uriburu.
Markagailua: 0-3. Min. 5. Nin-en zigor kolpea. 3-3. Min. 6. Palumboren zigor kolpea. 3-8. Min. 15. Albrisiren entsegua. 6-8. Min. 18. Palumboren zigor kolpea. 6-13. Min. 25. Nadalen entsegua. 13-13. Min. 29. Abateren entsegua, Palumbok transformatua. 13-18. Min. 45. Conejeroren entsegua.
Epailea: Joao Morriña (Portugal).