![](http://farm4.static.flickr.com/3067/2944561234_4ef8eb6016_m.jpg)
Getxoko Alderdi Popularrak Areetako Zugatzarte etorbideko egoitzan pintaketa berriak agertu direla salatu du gaur, ohar baten bidez. Popularren arabera, margoketak larunbata eta igandearen arteko gauean burutu zituen hainbat ezezagunek. Lokaleko pertsianan "hijos de puta" ("sasikumeak") eta "erre bai" ("itzulita, 'erre zaitzatela' bezalako zer edo zer esan nahi duena", Getxoko PPren ustez) idatzi diete, PPk emandako datuen arabera. Marisa Arrueren arabera pintaketa horiek "haiek bezala pentsatzen ez dutenekin bizikidetza baketsua izateko ez gauza direnen fanatismo eta intolerantziaren beste adibide bat" dira. Zinegotziaren aburuz, "kontrako eragina lortzen dute, ahal bada, norberaren aukera politikoa kontuan hartu gabe guztiok askatasunean bizi gaitezen indar gehiagoz lan egin dezagun, alegia". Argazkian, Getxoko PPk hilaren 15ean egindako agerraldia.