Getxoko Udaltzaingoak hiru gazte atxilotu zituen atzo igandean, bat 18 urtekoa eta beste biak adin txikikoak, hirurak getxoztarrak, ustez Itzubaltzeta / Romoko Urkizu kaleko edariak saltzeko makinen lokal batean lapurtzeagatik. Getxoko Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroan lekuko baten deia jaso ostean, poliziak aipatu saltokian bertaratu ziren eta ikusi ahal izan zuten makinetako baten kristala apurtuta zegoela eta, barrutik, edari lata batzuk falta zirela, tokiko iturriek zabaldutako bertsioaren arabera. Halaber, saltoki ingurutan aparkatuta zegoen auto baten azpian makinaren kristala apurtzeko erabili zuten estolda estalkia aurkitu zuten. Handik gutxira, udaltzainek, Itzubaltzetako beste kale batean, freskagarri poto batzuk edaten ari ziren hiru gazte topatu zituzten. Lekukoak emandako ezaugarriekin bat zetozen eta lapurretaren egileak ziren zantzu garbiak agertzen zituzten, Udaltzaingoak dioenez. Aparkatuta zeuden auto azpietan eta inguruko zakarrontzi baten barruan saltzeko makinatik lapurtutako potoak ere aurkitu zituzten.