Harrera ona izan dute atzo bertan amaitu ziren Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldiek. Guztira, 4.000 bat lagun baino gehiago egon dira bi astetan zehar eskaini diren 14 ikuskizunetan,
Getxoko Kultur Etxeak jakinarazitakoaren arabera. Horrela, urriaren 9tik 19ra, publikoak lan anitzez gozatu ahal izan du. Aurten helduentzako eta haurrentzako obrak eskaini dira, kalean eta estalpean. Ohi bezala, Algortako Getxo Antzokian izan dira helduentzako lanak. Aurten honako ikuskizun hauek eskaini dira bertan: "Ohean" (Maskarada), gau bakarreko harremanen inguruko lana; "El jefe de todo esto" komedia Ados taldearen azken ikuskizuna; "Secando charcos" (Agerre Teatroa), bikote-harremanen mundua abiapuntu duen istorioa eta, azkenik, Kunka taldearen "Sexo gratis" sexu-fantasiaren inguruko komedia.. Azken lan hori eta "El jefe de todo esto" izan dira lanik arrakastatsuenak, horietako bakoitzean 400 ikusle egon ziren eta. Hain zuzen ere, horiek izan ditu azken antzerki saioak Getxo Antzokiak: urriaren 24an eta 25ean
I. Getxo Sound Jaialdia eta azaroaren 1ean
Elaudi eta Ken Zazpi taldeen kontzertuak egin ostean itxi eta bota egingo dute. Gran Cinema izan zenari agurra egiteko, antzinako argazkiak ikusi, bertan argazkia atera eta besaulkietako bat eskuratu ahal izateko zozketan parte hartzeko aukera izan zuten bertara joan zirenek. Argazkian, atzoko eguna Getxo Antzokian.
Argazki gehiago hemen ikus daitezke.