
Hilaren 11tik aurrera egunero bezala, gaur eguerdian ere Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariak lehenengo, eta Gasteizko Legebiltzarrak ondoren, proposatutako herri kontsultaren aldeko sinadurak biltzen ibili da, Algortako Telletxe plazan, Getxoko EAJ. Hain zuzen ere, Iñaki Zarraoa alkate ohia izan dute buru aipatu ekimenean. Bitartean, Gazte Independentistek Hernanin antolatu duten
Independentzia Egunerako bonoak salgai daude Uribe Kostan eta Erandion, ohiko lekuetan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu aurretik, galdeketa egin behar zen egun berean (urriak 25) izango da ekitaldia. Larunbatean ere EAJ, EA, EB eta Aralarrek
sei elkarretaratze egingo dituzte Gernika-Lumo eta Gasteiz sinbolikoki lotzeko eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalari erantzun bateratua emateko. Kontzentrazioak Gernika-Lumon, Zornotzan, Legution, Durangon, Urkiolan eta Gasteizen izango dira.
Sare Antifaxistak, berriz, Gasteizera joateko deia luzatu du, Falangek bertan egingo duen manifestazioaren harira. Argazkian, Zarraoa gaur sinadurak batzen.