Asteazken honetan, urriak 22, Zinema Asteari emango diote hasiera EHUko Leioa eta Erandioko campuseko liburutegi nagusian.
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen 30. urteurrenagatik antolatutako jardunaldiek komedia tailerra izango du lehendabiziko jarduera: "7 vidas" eta "Aida" telesailen gidoilari Oriol Capelek eskainiko duen telebistako komediarako gidoiari buruzko eskola, 10:00etan, liburutegiko hitzaldi aretoan. Zinema Asteak ostegunean, hilak 23, jarraituko du. "Bienvenido a Farewell-Gutmann" filmea eman eta gero Xabi Puebla zuzendariak eta Jesus Gil Vilda gidoilariak sormen prozesuaren inguruko hitzaldia emango dute. Lehenengo bi jarduera hauek Gidoiaren Euskal Astearekin batera antolatu dira, EHUko iturrien arabera. Azkenik, ostiralean, hilak 24, Helena Tabernaren "La buena nueva" proiektatuko dute eta zinema eta memoria historikoari buruzko hizketaldia egongo da zuzendariarekin eta Josu Txueka Historia Garaikidea saileko irakaslearekin. Azken bi saio horiek 11:00etan izango dira, toki berean. Argazkian, "Aida" telesailaren gidoilariak eskainiko du bihar ikastaroa /
Tele.org.