Biharko greba eguna errefusatu eta eskolara joateko deia zabaldu du IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 21a, 22:21

Espainia mailako Ikasle Sindikatua erakunde ezkertiarrak asteazken honetarako, urriak 22, deitutako ikasleen greba orokorra errefusatu eta eskolara joateko deia zabaldu dute Ikasle Abertzaleek (IA). Hezkuntzaren pribatizazioa salatzeko, Bolognako planen berehalako desagerpena eskatzeko eta Selektibitatea gogortuko duen dekretua geldi dezatela galdegiteko dago deitua biharko protesta. IAk "arrazoiekin ados" dagoela aitortu arren, "euskal ikasleok, euskal herritar modura pentsatu, aritu eta jokatu behar" dutela adierazi du, "Euskal Herria, herri modura garatuko bada". "Jadanik ez digu balio Madrilen edo eta Parisen erabakitzen denak. Guk, euskaldunok, euskaldun bezala egin behar dugu borroka, guk zehaztu behar ditugu gure erritmoak, moldeak, eta helburuak", ikasle erakundeak zehaztu duenez. Hartara, "Euskal Herriak herri modura garatzeko behar duen Hezkuntza Sistema Nazionala" aldarritzat hartuz, hilaren 25eko Independentzia Egunean parte hartzeko deia luzatu dute Ikasle Abertzaleek. Argazkian, IAk deituta Leioako campusean Bolognaren aurka egindako manifestazio baten artxibo irudia.

IAk plazaratutako oharra:

Espainolen greba deialdiaren aurrean euskal ikasleria klasera!

Ikasle eta abertzaleok 20 urte luze daramatzagu Euskal Eskola Nazionala lortze bidean borrokan, eta honekin batera, urte luzez nabarmendu dugu Euskal Herriak herri modura garatzeko behar duen Hezkuntza Sistema Nazionalaren beharra.

Euskal herritarrok, eta guri dagokigunez euskal ikasleok, euskal herritar modura pentsatu, aritu eta jokatu behar dugu, Euskal Herria, herri modura garatuko bada. Horregatik, jadanik ez digu balio Madrilen edo eta Parisen erabakitzen denak. Guk, euskaldunok, euskaldun bezala egin behar dugu borroka, guk zehaztu behar ditugu gure erritmoak, moldeak, eta helburuak.

Hortaz, Sindicato de Estudiantes antolakunde espainolak deitu duen greba deialdia errefusatu eta klasera joango gara normaltasunez; grebaren arrazoiekin ados egonda ere, inolaz ere ez gara eta herri honek behar duen alternatiban ados egongo.

Era berean, euskal ikasleok gure eskubideak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Nazionalaren beharra aldarrikatzeaz gain, bidegurutze politiko honetan, Hezkuntza Sistema Nazionalera eramango gaituen bidea marraztu behar dugu eta hortaz, datorren hilaren 25ean Independentzia Egunaren harira antolatutako deialdietan parte hartzera eta bertan Hezkuntza Sistema Nazionalaren beharra aldarrikatzera animatu nahi dugu euskal ikasleria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun