Josu Gotzon Landeta: "lurrin faltsuaren sunda"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 21a, 22:51

Mundua jendez betetzen hasi zenetik, gizakiok beti izan dugu mintzaira baten beharra, gure jolas, kalaka eta ekintzetan erabili ohi duguna. Getxoko bizilagunek ere mintzaira bat zuten lagun, eta haiek ere mintzaira hori alboan jolasten, lan egiten, maitemintzen ziren. Baina halako batean gauzak aldatu egin ziren: kanpotik beste mintzaira potoloago bat etorri zen; potoloagoa, indartsuagoa eta ederragoa askoren irudiko: hark berba politak eta dotoreak ei zituen. Gureari, ostera, zakarra eta landu gabea zela irizten zioten. Horrez gain mintzaira berriak indar handia zeukan, eta jendeari ez zitzaion bere aurka joatea komeni, kalteren bat gerta zekiokeelakoan. Horrelaxe berba egiten zuten askotxok. Mintzaira berri hark bere indarra inposatzen zien Getxoko bizilagunei “neu nagusi ala muturrak hautsi”, eta urte gutxitan mintzaira hura hartzea beste erremediorik ez zuten izan. Horren aurrean Getxoko mintzaira zaharra beldurtu, kikildu, eta beldurraren beldurrez mututu eta baserri zaharren altzora desagertu zen. Argazkian, hainbat ume harreskolan.

Aurrerantzean herriko jendeak mintzaira berria izango zuen laguntzat. Gutxi batzuek mintzaira zaharrari eutsi zioten, baserritar jendeak batik bat. Alabaina hamaika bizilagunen mespretxua eta erasoa jasan behar izan zuten, eta beldurraren beldurrez horietatik batzuek mintzaira zaharra albo batera utzi eta urte gutxitan mintzaira zapaltzaile hura baino ez zuten ezagutuko.

Urte batzuk igarota, alboko herrietatik mintzaira zaharrak bere osteratxoak egiten hasi zen herrira. Bereziki umeen artean jolasean hasten zen, lotsati samar, baina jolasteko gogoz. Zenbait gurasok begi onez ikusten zuten, eta herriko umeek hasieran gogo onez onartzen zuten, baina hura entzuteko, ikusteko, gozatzeko... ohiturarik ez zutenez, gehienetan baztertu samar geratzen zen, eta azkenez beti erabiltzen zuten mintzairarekin amaitzen zuten jolasean. Gainera ordurako mintzaira berri hura inork ez zeukan berritzat, betikotzat baino, gehienek beti mintzaira hori erabili zutelako.

Gaur egun atzera begiratu, eta askotxok gure herriak pairatu duen tragediaz ohartzen ari gara, ohartu eta sufritu gainera. Izan ere, tragedia hori oraindik gauzatzen ari den errealitatea da: mintzaira zaharra etorkizuneko mintzaira berri bihurtzekotan gabiltzanok jende askoren ignorantziaren mespretxua jasan behar dugu erakundeetan zein kaleetan, edonon eta edonoiz elite beltzen susmopean bizi izanik. Eta hain urrun heldu dira, non sarritan jarrera hori gure umeak mintzaira zahar horren jabe egin zitezen eraiki ziren zentro horietan ere pairatzen ari garen. Eta zentro horietako batera noa bereziki, ezen azkenaldi honetan zuzendariak eta bere kamarila, batzarretan eta zentroko argitalpenetan gure mintzaira zaharrak berarekin sunda daramalakoan, hori baztertu eta “betiko mintzairaren” lurrin faltsua zabaltzen ari baita, komunikazioaren ekonomia eta batzuen haserreak aitzaki. Berriz ere “neu nagusi ala muturrak hautsi”.

Bitartean, gure umeak mintzaira zaharra bazterturik, gehienetan “betiko mintzaira” atorrantea dute lagun. Hamaika irakasle dago horretaz kezkaturik baina gure zentroko elite beltzari bost axola zaio, aspaldiko mintzaira zahar hori ez dute eta berri egiteko premia sentitzen. Horrez gain mintzaira zahar berriak lekarkeenaren beldur dira, eta “irudi txar” horiek ekiditeko zapalketa formula zaharkituetara jotzen dute: debekuak, errespetu eta edukazio falta leporatzea…

Eta edukazioan dago ene ustez gakoa. Geure bertso eskolako lagun batek dioen legez edukazioa euskaltegietan ikasten da, eta gure herriak “heziketa irakasle” espezialduak baditu izan. Era horretan soilik izan dezake gure ipuin honek amaiera zoriontsua, era horretan berreskuratuko dugu soilik aurreko urteetako gau luzean galdutako altxorra, benetako lurrina. Zuek ez dakit, baina neu behintzat aspertuta nago lurrin faltsuaren sunda jasateaz.

Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun