Slow Naturala bildumak epaimahairen aipamen berezia jaso du Espainiako Artisautzako Sari Nazionalean,
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Urdulizko Igeltzera industrialdean dagoen
Muebles Arene enpresako Alberto Gorostizak; Ana Aldana zur zizelkari urduliztarrak; Bilboko
Telar, Artesania Textil tailerreko Soledad Santistebanek; eta Blanka Gomez de Segura zeramikari arabarrak egin dute bilduma. Bihar, ostegunean, Madrilgo Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko ekitaldi aretoan emango zaie saria. Aldi berean eta leku berean, aukeratutako produktu guztien erakusketa inauguratuko dute. Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren finantzaketari esker, Urdulizko kultur aretoan 2007an egindako artisautza produktuen azterketari eta diseinuari buruzko ikastaroan du jatorria bildumak, foru iturriek zehaztu dutenez. Epaimahaiak aipamen berezia Slow Naturala bildumari ematea erabaki du, lehengo kutxatzar tradizionala, gres-baxera bat eta lihozko mahai-zapiak erreproduzitzeko diseinua egoki erabili dutelako. Argazkian, urtarrilean Urdulizko ikastaroan landutako hainbat produktu aurkeztu zituen Izaskun Artetxe Berrikuntza diputatuak, Soledad Santisteban (ezkerrean) bertan zela.