Lagun Aro fundazioak, berriz, "gizarte-erantzukizun korporatiboaren estrategian" kokatu du dirulaguntza hori. "Izan ere, estrategia horren ardatzetako bat euskarari laguntza ematea da, bide desberdinak erabiliz", Mongelosek nabarmendu duenez. Bestalde, EHUko Euskara Institutuak hitzarmen honekin "bere proiekturik handiena" sendotuko du, hau da, sarean egongo den lehen euskal gramatika sortzea; gramatika hori Institutuak euskarri berean prestatzen diharduen Interneteko bi hiztegiei gehituko zaie. "Euskal Gramatika Sarean" euskaren entziklopedia antzeko bat izango da. Hizkuntzaren deskribapen klasikoaz gain (fonetika / fonologia, morfologia, sintaxia eta abar), halako lanetan hain ohikoak ez diren gaiak ere jorratuko ditu: lexikografia, hizkuntzaren historia, hizkuntzaren eskurapena, hizkuntzaren prozesamendua, euskararen egoera eta erabilpenari buruzko datuak eta abar. Gaiak aurkezteko batez ere testuak erabiliko dira, baina baita grabazioak, mapak edo argazkiak ere. Beste atal batzuk izango dira: zalantzen txokoa, hizkuntza erabiltzeko arauak, inguruko hizkuntzen eragina eta abar.
Bi hiztegi
Bestalde, hitzarmenaren bidez, Lagun Aro fundazioak Euskara Institutuaren beste proiektu bi bultzatuko ditu: Hiztegi Batua Euskal Prosan eta Egungo Euskararen Hiztegia. Lehengoa, amaituta dago jada eta edonork kontsulta dezake sarean (http://www.ehu.es/ehg). Hala ere, datozen asteetan askoz informazio gehiago gehituko zaio, sarrera bakoitzaren erabileraren joeren berri emateko, historian zehar eta gaur egun. Bigarrena, gaur egungo prosan erabilitako euskararen hiztegi erraldoia da. Oraintxe F, G eta H letrak daude kontsultagai (http://www.ehu.es/eeh) eta 80.000 adibidetik gora biltzen dituzte. Datozen asteetan “I” letra gehituko zaio.
Egia esan, guztia proiektu bakarra da, maila desberdinetako aingurak dituena: gramatika eta hiztegi biak. Gainera, orain prestaketa lanetan dagoen euskal literaturaren entziklopedia bat erantsiko zaio proiektuari. "EHUko Euskara Institutuko proiektuen multzo hau guztiz ekimen orijinala da. Izan ere, ez dago beste hizkuntzarik tamaina honetako gramatika eta hiztegia lantzen ari denik sarean jartzeko", Salabururen ustez.