Getxo Sound jaialdirako gonbidapenak eskuratu daitezke jada

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 22a, 16:04

Ostiral eta larunbatean (urriak 24 eta 25), Getxo Sound jaialdia ospatuko da lehenengo aldiz. Musikaldi horrek pop-rock talde getxoztarren lana bultzatzea eta horien musika publikoari ezagutzera ematea ditu helburu nagusiak, udal arduradunek azaldutakoaren arabera. Jaialdia Algortako Getxo Antzokian egingo da eta bertan zortzi taldek parte hartuko dute, egun bakoitzeko lau. Saioak 20:00etan hasiko dira eta sartzeko gonbidapenak astelehenetik (urriak 20) jaso daitezke Algortako kultur etxean, Villamonten. Lehenengo egunean, ostiralean, pop doinuak izango dira erabateko protagonistak. Olimpia, Dynamo, Smile eta Sweet Oblivion taldeek egungo pop doinuak joko dituzte, batzuetan 60eko eta 70eko hamarkadetako erritmoekin eta beste zenbait musika eraginekin uztartuta. Biharamunean, larunbatean, beste doinu mota batzuk izango dira entzungai. Besteak beste, punk-rock, trash eta hardcore-a, Mochlic, Atomic Disaster, Ukabilkada eta Patada en la Papada taldeen eskutik. Argazkian, udal arduradunekin batera, joko duten taldeen hainbat ordezkarik aurkeztu zuten Getxo Sound, urriaren 14an.

"Getxo Sound jaialdia beste aurrerapauso bat da Getxoko Kultur Etxearen eta bertako taldeen arteko lankidetzan", Imanol Landa alkateak berak eta tokiko teknikariak joan den astean emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez. 90eko hamarkadan hasi zen lankidetza hori, Getxoko talde-errolda sortuta. Hori izan zen taldeentzako laguntza-programaren abiagunea. Laguntza programak bizirik dirauela, maketa eta diskoa grabatzeko, kartelak inprimatzeko eta argazki-liburu profesionala egiteko laguntzak hartzen ditu barne. Horrezaz gain, Getxoko taldeek Riff Musika Eskolako entsegu-gelak erabiltzeko deskontuak dituzte. Azkenik, blues taldeek Getxoko Blues jaialdian parte hartzeko aukera dute eta beste talde guztiak Getxoko jaietan jardun daitezke, betiere batzordeek hautatzen badituzte.

Hogei bat talde

Gaur egun, hogei bat taldek osatzen dute errolda, udal arduradunen arabera. Izan ere, azken urteotan banda berriak agertu dira Getxon eta, Kultur Etxearen laguntzaz, estudio grabaketak egiteko aukera izan dute. Besteak beste, honako talde hauek beren musika maketak gauzatu dituzte: Sweet Oblivion, Standard, Izenik Ez, Iraultza, Patada en la Papada, Smile, Zurkaitz, Ehiztari Beltza, Zodiacs eta Nobel, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun