Batzar antikapitalista irekia egingo du iluntzean Itzubaltzetan POSi alderdiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 22a, 21:43

Langileen Alderdi Sozialista Internazionalistak (POSI) antolatuta, batzar antikapitalista irekia egingo da gaur iluntzeko 8etan Itzubaltzeta gaztetxean. Euskal Herrirako autodeterminazio eskubidea eta, aldi berean, herri askeen Espainiako Errepublika aldarrikatzen dituen alderdiak krisialdi kapitalista, bankuei emandako dirutzak, langileek behar duten "larrialdietarako plana" eta Europako Justizia Epaitegiak langile eta sindikatu borrokaren aurka hartutako azken erabakiak izango dituzte mintzagai. Era berean, alarmarako manifestuaren berri emango dute. Krisialdiari buruz, argi daukate ezkerreko alderdikoek: "ezta euro bat ere bankuentzat, krisialdi kapitalista haiek beraiek ordain dezatela" diote erdara hutsean egindako karteletan. Argazkian, Bizkaiko hautagaietako bat, 2008ko Espainiako hauteskundeetarako egindako bideoaren irudi batean / POSI.

Bestalde, negoziazio kolektiboa egiteko eta horretan langileek presio neurriak egin ahal izateko Europako Justizia Epaitegiak jarritako mugen hiru adibide jarriko dituzte. Bolkstein zuzentarauak zekartzan lan baldintzen okertzea beste era batetik ezarriz, Letoniako Laval eraikuntza enpresak Suedian langile letoniarrei Letoniako lan baldintzak eskaintzea ontzat hartu eta lan baldintzen defentsan Suediako sindikatuek lanak gelditu izana ilegaltzat jo zuen Epaitegiak.

Kontrako norabidean, Viking Line Finlandiako itsas-ontzi enpresak Finlandiako bandera zuen Rosella itsasontzia estoniar banderapean jarduteko egindako izapideak ez zilegitzat jo zituen Europako Justizia Epaitegiak. Izan ere, lan kosteak jaisteko asmoz egindako maniobrek langileen eskubideak urratzen zituztela iritzi zieten epaileek. Dena den, epaian argitzen zenez, kasu horretan ez zen sindikatuen aldetik zuzeneko presioa egon eta hortaz hartutako erabakia. Baina egonez gero, epaileek argi utzi zuten "enpresak era askean ezartzeko eta langileen-zirkulazio eskubidearekin" talka egingo zutela.

Alemanian ezarri zen Ruffert enpresa poloniarraren kasuan ere, Epaitegiak arrazoia eman zion enpresari, kasu honetan Saxonia Beheko Gobernu autonomikoaren aurka. Alemaniako lander horrek Ruffert-i kontratu publikoetarako esleitutako bestelako enpresei bezala, Alemaniako lege eta lan-hitzarmenen arabera ezarritako lan baldintzak bermatzen behartu zion, Poloniako lan baldintzak ezartzen utzi gabe.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun