Auzokideek proiektu horri buruz behin eta berriro agertutako desadostasunaren eta proiektu txikiago baten aldeko proposamenen aurrean, Marquinezek araztegi itxia egitea defendatu zuen, horrela auzokideek zarata eta usainak pairatuko ez dituztela argudiatuta. Dena den, zehaztasunak ez dituzte emango "urte bukaerara arte, informazio publikora zabaltzen denean". Araztegia 2012an martxan egongo delakoan daude CHCko kideak.
Bere aldetik, Lamiako-Txopoeta, Pinueta eta Artatzaganeko auzokide elkarteek zein Auzotik kolektiboak osatzen duten Lamiakoko Araztegiaren Aurkako Hiritarren Plataformak agerraldia egingo du larunbat honetan manifestu baten berri emateko.
Jorge Marquinez Hidrografi-Konfederazio Kantabriarreko (CHC) presidenteak Lamiakorako makroaraztegi proiektua berretsi zuen atzo, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Marquinez eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkariak azpimarratu zutenez, Lamiakoko Hondakin-Uren Araztegira "espainiar guztien elkartasunetik jarritako" 100 milioi euro bideratu nahi dituzte, bertan Urduliz, Sopela, Berango, Getxo, Leioa, Erandio, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio eta Lezama udalerrietako ur zikinak batu eta arazteko. Etorkizunen batean Lamiakoko HUAk 226.710 biztanleei zerbitzua eman beharko lieke, CHCren aburuz, baina oraindik proiektua idatzi eta ingurumenaren gaineko eragina neurtzeko txostena izapidetzen ari dira. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Miguel Angel Fernandez Espainiako Gobernuak Bizkaian duen Azpiordezkaritzako arduraduna, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn eta Jorge Marquinez CHCko presidentea, atzoko prentsaurrekoan.