Gazteluei buruzko argazki eta seilu erakusketa jarri dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 22a, 23:14

Azaroaren 2ra bitartean, Manuel de la Concepcionek Europa, Espainia eta Euskal Herriko hainbat gazteluri egindako 63 argazki egongo dira ikusgai Sopelako udaletxeko sotoan; baita gai horren gainean Josefina Toiranek bildutako seilu guztiak. Eraikin horiek aspalditik ditu atsegin bikote honek. Ezkonberritan Galiziara egin zuten bidaia batetik datorkie zaletasuna. Palentziako eta Ampudiasko gazteluak ikusi zituztenetik, Espainiako gaztelu guztiak ezagutzea erabaki zuten. Ibilbidea zabaltzen joan eta Frantzia, Alemania eta Italiakoak ere bisitatu dituzte. Erakusketa astelehenetik ostilarera ikus daiteke, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 21:00etara. Larunbatetan, baina, 19:00ak arte egongo da zabalik. Eta Igandeetan goizeko ordutegian baino ez. Argazkian, Toiran eta De la Concepcion Sopelako erakusketa aretoan.

Josefina Toiranek filatelia atsegin badu, Manuel de la Concepcionena da errua. “Gazteluak, historiaren lekuko mutuak” erakusketan Europa osoko piezak batu ditu gizonak, azokatan eta internet bidezko enkanteetan lorturikoak. Seiluen erakusketa gazteluei buruzko liburuen bilduma batek osatzen du, “pieza erakustea ezezik, erakusketa bat egiteko gaztelu bakoitzari buruzko informazio guztia bildu behar baita”, emakumearen arabera. Seilu eta postalekin, 600 lanetik gora ditu bildumak, baina Sopelan 5 erakuslehioko hautaketa dago ikusgai bakarrik. Estatuan filateliak jaraitzaile ugari dituela onartzen du Toiranek, "baina Frantzian da bereziki garrantzitsua". “Horrelako bilduma bat lortzea urte askotako lana da”, diosku. Espainiako historia laburbiltzen du andraren erakusketak. Bikoteak gazteluak adina bidaia egin ditu. Guztiak bertatik bertara ezagutzen dituzte.

Bidaia atseginak

De la Concepcionen argazkiek, bestetik, hainbat gaztelu erakusten dituzte, Segoviako Pedrazatik hasi eta Butroikoraino. “Ikusgarria da urte haietan horrelako bitxikeriak egin zitezkeenik pentsatzea”, dio. “Gaztelu asko jendeari itxita daude, baina beste asko biziberritu egin dituzte, eta egun turismo paradore, hotel, aterpe edo horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzte, atsegin dituenarentzat”, gaineratu du. Egileak dioenez, batzuetan “ez da erraza izan argazkiok egitea, gazteluak leku malkartsuetan daudelako”. Beste askotan, bere bidaietan “lau harri koskor” besterik ez ditu aurkitu bikoteak, gazteluaren ordez. Baina gehienetan, “oso bidaia atseginak izan dira”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun