Liburutegien Eguna ospatuko dute haurrek bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 23a, 15:03

Bihar, urriak 24, ostiralean, Liburutegien Eguna ospatuko da. Hori dela eta, haurrentzako tailerra egongo da Algortako kultur etxeko liburutegian, Villamonten, 17:00etatik 19:30era. Ekimen hori "Liburutegiak, topaleku" kanpainan kokatuta dago eta liburutegi publikoen erabilera eta irakurtzea bultzatzea ditu helburu nagusiak, tokiko kultur iturriek adierazi dutenez. Horiez gain, kulturen aniztasuna sustatu nahi dute. Azken hori izango da, hain zuzen ere, tailerraren ardatza. Bertan, partaideek kanpaina horren liburu-markak jasoko dituzte, euren izenak hainbat hizkuntzatan idatzi ditzaten, horietako batzuk mendebaldeko alfabetoa erabiltzen ez dituztenak. Horrela, besteak beste, karaktere arabiarrez, txinatarrez eta zirilikoz baliatu ahal izango dira neska-mutilak beraien izenak idazteko. Horretarako, begiraleen eta zenbait hizkuntzako alfabetoen ereduen laguntza izango dute. Tailerrean parte hartuko duten guztiek liburutegien oroigarria jasoko dute. Aipatutakoaz gain, begiraleek beste material didaktiko batzuk ere izango dute tailerrean parte hartzeko itxaroten egon daitezkeen haurrak entretenitzeko. Azkenik, kulturen aniztasunaren inguruko haur ipuinen erakusketa ere egongo da liburutegian. Argazkian, Getxoko Liburutegiek antolatuta, dozenaka ume Haur eta Gazteentzako Liburuen Eguna ospatzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun