Iparra Galdu Gabe jardunaldiak bihar abiatuko dira Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 23a, 15:21

Urriaren 24tik azaroaren 9ra bitartean egingo dira Iparra Galdu Gabe (pdf) jardunaldien hirugarren edizioa Getxo udalerrian. Bi urtetan behin antolatzen ditu Udal Euskara Zerbitzuak, “Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko elkar ulertzea sustatzeaz gain, mugaz bestaldeko lurrak Getxon eta inguruan ezagutzera emateko asmoz”, Koldo Iturbe Euskara zinegotziak azaldutakoaren arabera. "Aurtengo egitaraua gazteak ez ezik, etorkinak ere kontuan hartuta egin dugu, azken horiek euskal kulturaren errealitate anitzaz jabetzea lortu nahi baitugu”, dio udal arduradunak. Hain zuzen ere hori utzi nahi du agerian bihartik azaroaren 9ra bitartean, Algortako Telletxe plazako karpan ikusgai egongo den “Batek mila, euskal munduak” erakusketa multimediak. Beste ekitaldi batzuen artean, Ken Zazpiren kontzertua eta Koldo Amestoy ipuin kontalaria izango dira. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Koldo Iturbe Kultura zinegotzia eta Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendaria joan den osteguneko aurkezpenean.

“Batek mila, euskal munduak” erakusketan Euskal Herriko eta diasporako munduen berri izango dute ikusleek; gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore batzuen ikuspegi gurutzatuek osatzen duten kaleidoskopioa, alegia. “Erakusketak egungo euskal kultura baloratu nahi du, publiko berriarengana ailegatuz. Horretarako teknologia berriak ditu euskarri”, Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendariak dioenez. Bestalde, urriaren 30ean, Ipar Euskal Herriko mendiei buruzko diaporama aurkeztuko du, Algortako kultur aretoan, Villamonten, Ingurumen arloko ikasketak eginda dituen Panpi Olaizola mendiko gidariak. Saioa 20:00etan izango da. Eta azaroaren 9an Saratik Altxangarako mendi ibilaldia egongo da, Olaizola bera gidaria dela. Horretarako, dagoeneko Villamonten izena eman daiteke (txartela 3 euro).

Dantza egin eta abesteko hainbat aukera

Bestalde, urriaren 31n Algortako San Nikolas plazan (eguraldi txarra egingo balu Getxo Antzokian) izango den erromerian parte hartzeko aukera edukiko dute dagoeneko martxan dauden dantza eta kanta ikastaroetako lagunek. Arratsalde horretarako prestatuko den txitxiburduntzian Ipar Euskal Herriko txerrikia, Irulegiko ardoa eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da. Dantzaldia Lapurdiko Kiki Bordatxok alaituko du, 19:00etan hasita.

Ken Zazpi eta Elaudi taldeek, berriz, Ipar-Hegoa kontzertua eskainiko dute azaroaren 1ean Getxo Antzokian, 20:00etan. Sarreren prezioa 5 eurokoa izango da eta urriaren 20tik aurrera erosi ahal izango dira kultur etxean. Gainera, kontzerturako txartelak lortzerik ez dutenetzat pantaila handia jarriko dute plazan. Halaber, Atfal Sahararen aldeko elkarteak ipinitako txosna egongo da San Nikolasen. Azaroaren 4an My Jok Kolektiboak "Burp Underground Report" dokumenala aurkeztuko du Algortako kultur aretoan, 20:00etatik aurrera, Ipar Euskal Herriko bost pertsona edo talderen bidez euskal gazteriaren beste ikuspuntu bat erakusteko. Amaitzeko, azaroaren 6an Koldo Amestoy ipuin kontalariaren saioa izango da Getxoko Geroa ikastolan, Bizarra Lepoan euskara elkartearen eskutik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun