"Errepertorioen aniztasuna" da Aste Koralaren ardatz nagusia, Iturberen arabera da. "Entzuleek konposizio klasikoez, garaikideez, herritarrez, erlijio musikaz eta beste zenbait estiloz gozatzeko aukera izango dute", gaineratu duenez. Musikaren aniztasunaz gain, gonbidatutako taldeen kalitatea nabarmentzekoa da, udal arduradunaren hitzetan: "nazioartean izandako arrakastek bermatzen dute hori", diosku zinegotziak. Gauzak horrela, lehenengo egunean New Yorkeko The Antioch Chamber ensemble arituko da Algortan. 1997an sortu zen ganbera talde mistoa eta, ordutik hona, AEBetako abesbatza ospetsuenetariko bat bilakatu da. Taldeak sarritan parte hartzen du nazioarteko jaialditan eta horietan bere kalitatea erakutsi ohi du, bai eliz musika, bai musika profanoa interpretatzen. 2001etik aurrera, Wall Streeteko Trinity elizako abesbatza da eta, saioez gain, kideak irakaskuntzan ere jarduten dira.
Biharamunean, Ensemble Vocal Hamburg talde alemaniarraren txanda izango da. Abesbatzaren errepertorio zabalak hainbat garai eta estilotako musika hartzen ditu, gaur egungo musika eta jazz-konponketak barne. Edozein kasutan ere, XX. eta XXI. musika da taldearen espezialitatea. 1994an sortu zenetik, abesbatzak hainbat sari jaso ditu Alemaniako zein nazioarteko lehiaketetan eta, egun, 35 ahots mistok osatuta dago.
Azkenik, hirugarren saioan, Mikrokosmos Vierzon abesbatza frantziarraren musikaz gozatzeko aukera egongo da. Taldeak gaur egungo "a capella" musika du espezialitate nagusia eta musika mota hori interpretatzen eta sortzen dugu Frantziako abesbatza bakarra. Bere herriko talde ospetsuenetariko bat da Mikrokosmos Vierzon eta grabatutako diskoek bermatzen dute bere kalitatea. Horien artean "Villarosa" lana aipatu behar da, horri esker Le Diapason D'Or sari ospetsua irabazi baitute.