Koldo Telliturekin batera, Kontseiluaren Zuzendaritzako beste kideak ere izan dira gaur Barakaldon: Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Aritz Zerain (Bertsozale Elkartea), Oskar Elizburu (AEK), Mikel Arrizabalaga (Elkar), Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen-Ikasbatuaz), Joanmari Larrarte (Berria), Igone Lamarain (EHE), Agurtzane Loidi (Elhuyar Aholkularitza) eta Sebastien Castet (Euskal Konfederazioa), alegia.
"Bai Euskari"-tik "Euskaraz bai"-ra
BEC-en ospatuko den ekitaldia “mugarri gisa” uler daitekeela adierazi du Kontseiluko lehendakariak. "Abiapuntu izango da Kontseiluarentzat berarentzat, eta bai azken urteotan euskarari beren babesa adierazi dioten herritarrentzat ere. Orain 10 urte ‘Bai euskarari’ leloarekin abiatu zuen bere ibilbidea Kontseiluak, 20 urte lehenago egindako kanpaina baten leloa ikur hartuta. Eta ‘Bai euskarari’ izan da Kontseiluaren irudi nagusia azken urteotan. Orain, baina, aldaketarako garaia iritsi da, eta lelo hori berreginda irudikatu nahi izan dugu eman beharreko aurrera-pausoa. ‘Bai euskarari’ esatetik, ‘Euskaraz bai’ egitera igarotzeko garaia baita", gaineratu du.
Helburu horrekin bat datozen herritarrak, entitateak eta instituzioak bidaide izan nahi dituela esan du Kontseiluko lehendakariak. Bere hitzetan, “helmuga nahiz helburu potoloak dituen bidaia horren ibilbidea zein izango den partekatzeko deitu nahi ditugu abenduaren 13an BEC-era etor daitezen. Pauso bat harago joateko unea iritsi da, eta bide horretan herritarrak izan nahi ditugu lagun. Euskararen alde egotea ez baita nahikoa. Konpromisoak hartzea behar-beharrezkoa da: Norbanakoen konpromisoa, soziala nahiz politikoa”.
BEC-en abiatuko duten aroan “euskararen berreskurapen prozesua indartu eta areagotzea ezinbestekoa dela” argi du Kontseiluak, gaur azaldutakoaren arabera. Izan ere, “orain arteko bilakaerarekin jarraituz gero, mendeak beharko baitira normalizazio egoerara iristeko. Bi hizkuntza dituen komunitate batean norbanako guztien eskubideak ziurtatzeko eta inor baztertua izan ez dadin ezinbestekoa da biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea. Hori da bizikidetza egokirako bide bakarra. Baina herritarren eta gizarte-eragileen konpromisoa ez ezik, ezinbestekoa da konpromiso politikoa ere, hizkuntza-politika egokitu eta behar diren baliabideak ezarri daitezen”.
Hogei egunez Euskal Herriko hormak beteko dituen kartela
BEC-en hasi eta datozen urteotan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten eragileek "ahalegin horretan batera jarduteko gonbita" luzatu diete jendarte-eragileei, erakundeei eta gizarte osoari. "BEC-eko ekitaldia izango baita eman beharreko aurrera-pausoen lehen urratsa", Koldo Tellituren arabera.
Bizkaia Arenan egindako aurkezpenean, abenduaren 13an BEC-en egingo den ekitaldia iragarriko duen kartela erakutsi dute Kontseiluko zuzendaritzakideek. Xabier Mendiguren idazkari nagusiak azaldu duenez, kartelean, Neil Armstrong-ek ilargian utzitako lorratza ikus daiteke, "Euskaraz bai” leloa irudikatzen duen eguzkiaren alboan eta "Pauso bat harago" izenburupean.
Mendigurenen esanetan, "aurkeztu dizuegun kartelean irakur daitekeen bezala, Kontseilua, hamargarren urteurrenarekin batera, pauso bat harago emateko prest dago. Eta euskararen normalizazioaren bidean urrats sendoak eman beharra irudikatu nahi izan dugu ilargiko lorratzaren argazkiaren bitartez".
Gaineratu duenez, "urrats hori ez da Kontseiluaren azken helburua, erdibidea baizik. Urratsaren bitartez, euskararen normalizazio osoa eman dadin hartu beharreko konpromiso sendoa irudikatu nahi izan dugu. Baina eguzkia dugu helmuga, 'Euskaraz bai' idatzita duen eguzki hori, alegia. Kontseiluaren helburua euskal herritar orok euskara jakin dezan da, hori baita Euskal Herrian hitz egiten diren hiru hizkuntza nagusien arteko bizikidetza egokirako bide bakarra".
Idazkari nagusiak aurreratutakoaren arabera, “Eguzkira iristeko bidaia hori ez da BEC-eko ospakizun ekitaldian amaitzen. Alderantziz, ekitaldi horretan hasten da benetako bidaia. Edo, hobe esanda, BEC-en emango diogu orain arte egindako lanari jarraipena. Ezin ahantzi ditzakegu orain arteko lanen ondorioz jasotako uztak. Baina inongo uztarik oparoena jasotzeko, ezinbestekoa da eguzki horren izpiak indartzea, ‘Euskaraz bai’ esan eta eginez. Horregatik, BEC-en hasi eta datozen urteotan, Kontseiluak abiaraziko duen ontzira igotzeko deia luzatu nahi diegu euskal herritar guztiei".
Abenduaren 13an, gehiago
"Gaur hizpide izan dugun mezua ikusgarritasunez irudikatuko dugu abenduaren 13an, arratsaldeko seietan, bertaratuko diren lagunen aurrean. Euskalgintzak orain arte arte egindako lanaren atzera begirakoa egiteaz gain, 'Euskaraz bai' eguzkira bidean jarriko gaituen ontzia bilakatu nahi dugu Bizkaia Arena. Datorren astean jakinaraziko dugu bidaia txartela eskuratzeko modua. Doako ekitaldia izango bada ere, sarrera eskuratzea beharrezkoa izango baita. Milaka lagunentzako tokia dago ontzi honetan, eta nahi duen oro gonbidatzen dugu bidaiaren hasiera izango den ekitaldira etor dadin", aurreratu du Xabier Mendigurenek.