Udaleko idazkariaren eta EHUko bi katedradunen txostenak oinarritzat hartuta, Udal Arautegi Organiko berriaren onarpena udalbatzaren ondorio jurdikorik gabeko borondatearen agerpena zela "ulertu" zuen Imanol Landa alkateak, hori indarrean jartzeari uko egiteko. Gaurko prentsaurrekoan ere defendatu du udal agintariak, UOA berrirako proposamenak "legez ezarritako prozedurak bete ez zituelako (dagokion Informazio Batzordetik ez zen pasa eta ez zuen beharrezko txosten teknikorik eta juridikorik)" hartu zuela erabakia. Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, baina, beste ñabardura bat eman nahi izan dio auziari, begiak abenduaren 2ko epaiketan jarrita. "Fiskaltzaren arabera, ekinaldi administratiborik ez egoteak (oposizioko alderdien) politikan parte hartzeko eskubidearen urraketa ekarri duela dio Fiskaltzak", azaldu duenez. Eta, horrek, "onartutako arautegia bere horretan aplikatzea" ekarriko luke, bere ustez. Hala ere, Arruek berak onartu du gaur ezagutarazitako sententziak kontrakoa dioela, hau da, "gaia osoko bilkuran eztabaidatuta, eskubide hori bermatua izan zela". Landak zein Arruek arautegia eztabaidatzeari uko egitea egotzi diote bata besteari.
Gobernua oposizioan
Bitartean, oposizioko alderdiei eskua luzatu aurretik, PPk eta PSE-EEk onartutako UOA berriaren "demokraziaren aurkako izaeraz" luze aritu da prentsaurrekoan udal agintari jelkidea. Are gehiago, udal batzarrean daukaten gehiengoa baliatuta, "oposiziotik gobernatu nahi izatea" egotzi die biei. Arautegia osatzen duten "234 artikuluetatik 54 (%23,08) eta 9 xedapen gehigarrietatik 4 legediaren araberakoak izan ez edo irregulartasun garrantzitsuak" dituztela alde batera utzita, aipatu bosgarren xedapena gaitzetsi du guztien gainetik Landak. Horren arabera, gaikako informazio batzordeak EAJko 4 zinegotzik, PPko beste 4k, PSE-EEko 2k eta Ezker Batuako batek osatuko lukete behin betiko, "udal hauteskundeen emaitzak edo beste talde batek ordezkaritza lortzen duen kontuan hartu gabe". Bestalde, "alkatearen eskuduntzetatik gehienak udalbatzaren eskuetara joango lirateke eta premiazko mozioen erabakiak bete beharrekoak izango lirateke", Landaren hitzetan.
Hala ere, PSE-EEkoekin tematu da guztiz alkatea. Landak bere buruari galdetu dio “honelako zenbat epai behar ote dituen Getxoko PSE-EEk benetako eta eraikitzailea den politikagintzaren, lan positiboaren eta getxotarren bizi-baldintzak hobetuko dituzten politikeen aldeko akordioaren bidera etortzeko”. Sozialisteei eskatu die “PPren estrategiaren menpe gehiago ez egoteko, herritarrentzat akordio garrantzitsuak lortzea galarazi ezezik udalerria geldiaratzen duelako”. Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok sozialistak oposizioan dauden udaletako aurrekontuak onartzea ahalbidetzeko eskatu die berriki bere zinegotziei, egoera ekonomiko zailaren aurrean gaudela. Eta horri ere heldu dio Landak. Horren harira, Getxoko sozialisteen bozeramaile Luis Getxoko PPk eta Almansak egindako adierazpenek "zalantzak" eragin dizkiote alkateari. Landaren iritziz, bozeramale sozialistak "honegatik guztiagatik herritarren aurrean erantzun beharko du".