Algortako Portu Zaharraren izaera antzeztutako bisiten bidez ezagutzeko aukera dago

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 24a, 16:25

Gaur ostiraletik, hilak 24tik, eta azaroaren 2 arte, antzeztutako bisita gidatuak egingo dira Algortako Portu Zaharrean. Ekimenaren helburua parte-hartzaileei hain berezia den Algortako gune horren historia ezagutaraztea da, hala nola, aintzinan bertan bizi zirenen lanbideak ezagutzera ematea. Getxoko Udal Turismo Bulegoak bultzatu du ekimen hori, azaroaren 2ra arte egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Josu Loroño Komunikazio zinegotziak esan duenez, “Algortako Portu Zaharra oso leku esanguratsua da, ez Getxon bakarrik, euskal kostalde osoan ere. Orain eskaintzen dena oso aukera ona da lekua eta orain dela berrehun bat urte bertako herritarrak nola bizi ziren eta zelan lan egiten zuten ezagutzeko”. Bisita gidatuak Simulacro antzerki talde getxoztarraren aktoreen eskutik izango dira. Euskaraz eta gazteleraz egingo dira honako ordutegi hauetan: 11:00etan eta 13:00etan, goizez, eta 16:30ean eta 18:00etan, arratsaldez. Erreserba aldez aurretik egin behar da 944 910 800 telefono zenbakian edo infoturismo[abildua]getxo.net helbide elektronikoan. Bisita egiteko oinetako eroso eta egokiak eramatea gomendatzen da. Argazkian, Loroño Simulacro taldeko aktoreetako batzuekin. Argazki gehiago hemen ikus daiteke.

Egun hauetan ere “Portu Zaharra: Abrako altxorra” izeneko kaleko erakusketa ikusi ahal izango da toki berean. Bertan, Portu Zaharra eta bertakoen lanbideak ezagutu ahal izango dute ibisitariek. Gaur ostirala, hilak 24, txalaparta eta Portu Zaharraren gaineko bertso-saioa egongo dira Etxetxu plazan. Bihar larunbata, hilak 25, ikus-entzunezko proiekzioa egongo da gauean, 21:00etan, argazki zaharrekin eta “Akordaten naz” dokumentalarekin. Eta igandean, 26an, kalejira eta sardina-jana 13:00ean, hori guztia Etxetxun. Jardunaldi horien helburua herritarrei Getxo udalerriko ondare kulturala ezagutzera ematea da, antolatutako "kalitatezko ekitaldiekin" eta guztiei irekia. Oraingo honetan Aixerrota eta Algortako Portu Zaharra sustatzea erabaki da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun