Gaur zabalduko dute Algortan “Batek mila, Euskal Munduak” erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 24a, 19:20

Imanol Landa Getxoko Alkateak eta Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendariak zabalduko dute arratsaldean, 19:00etan, “Batek mila, Euskal Munduak” erakusketa Algortako Telletxe plazan jarritako karpapean, Iparra Galdu Gabe III. Jardunaldien barruan. EKEren eskutik, Baionatik, Donostiatik, Gasteizetik eta Bordeletik igaro ondoren, Getxora heldu den multimedia erakusketak e"uskara eta euskal kultura ezagutzera eta, batez ere, horien inguruko galderak "gonbidatzen du, egungo artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore batzuen ikuspegien bitartez, tokiko kultur iturriek azaldu dutenez. "Horri esker, Euskal Herriko eta diasporako euskal munduen berri ematen du", gaineratu dute. Erakusketa azaroaren 9ra arte egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Udalerriko ikastetxeek, euskaltegiek edo elkarteek bisita gidatuak egiteko aukera edukiko dute eta horretarako 944 660 010 telefono zenbakira deitu beharko dute. Argazkian, Joxi Arakama Euskara teknikaria erakusketa bisitatzen.

“Erakusketarekin egungo euskal kultura publiko berriarengana ailegatzea nahi dugu, bereziki gazteengana eta, horregatik, nahiko erakusketa modernoa da. Bestetik, euskal diasporari ere lekua utzi nahi izan diogu”, Pantxoa Etxegoin Iparra Galdu Gabe Jardunaldien aurzkepenean azaldutakoaren arabera. Erakusketak ahalik eta ikusle desberdinengana heldu nahi du eta, horregatik, lau hizkuntzetan dago, hau da, euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Hori dela eta, “Hizkuntza minorizatuen urtean UNESCOren goraipamena jaso du trukaketa kulturalak indartzen baititu”, zehaztu zuen EKEko arduradunak.

Erakusketaren edukia

“Batek mila, Euskal Munduak” erakusketak ikusteko eta entzuteko soinu eta bideo lanak eskainiko dizkie bisitariei, tartean “Dutxa soinuduna” euskal kantuena; Koldo Amestoy ipuin-kontalariaren istorio batena; eta Jose Anton Artze, Kirmen Uribe eta Itxaso Borda idazleen olerkiena; euskal antzerkiari, euskal dantzari eta bertsolaritzari buruzkoekin batera. Hainbat artistek burututako dokumentalak ere ikusi ahal izango dira, besteak beste, euskal arte unibertsalaren ingurukoa (Oteiza eta Txillida), euskal eta marokoar gazte batzuen arteko kultura trukaketari edo Argentinako eta Uruguaiko euskaldunei buruzkoak. Gainera, erakusketak euskal sentimenduaren atzean dauden kultura eta hizkuntza bizipenei lotutako 12 elkarrizketa jasotzen ditu, horien artean, Jon Maiari, Serge Betseni eta Martin Berasategiri egindakoak. Amaitzeko euskarari buruzko bi jolas interaktibo eta 120 euskal kantu entzuteko multimedia aplikazioa ere eskaintzen du. Eta bisitariek euskal munduaren gaineko “postala” edo “oroitzapen argazkia” egin ahal izango du. Ondoren horiek www.batekmila.com web gunean ikusi ahal izango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun