Dagoeneko agortu egin dira Getxo Sound jaialdirako biharko txartelak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 24a, 19:50

Larunbat honetan, urriak 25, Getxo Sound jaialdiaren bigarren eta azken eguna izango da. Gaur ariko diren Olimpic, Dynamo, Smile eta Sweet Oblivionen doinuen lekukoa honako banda hauek hartuko dute bihar: Mochlicek, Atomic Disasterrek, Ukabilkadak eta Patada en la Papadak; rock, punk-rock eta trash doinuen erakusleak, hain zuzen. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta gonbidapenak dagoeneko agortuta daude. "Getxo Sound jaialdia beste aurrerapauso bat da Getxoko Kultur Etxearen eta bertako taldeen arteko lankidetzan", Imanol Landa alkateak berak eta tokiko teknikariak joan den astean emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez. 90eko hamarkadan hasi zen lankidetza hori, Getxoko talde-errolda sortuta. Hori izan zen taldeentzako laguntza-programaren abiagunea. Laguntza programak bizirik dirauela, maketa eta diskoa grabatzeko, kartelak inprimatzeko eta argazki-liburu profesionala egiteko laguntzak hartzen ditu barne. Horrezaz gain, Getxoko taldeek Riff Musika Eskolako entsegu-gelak erabiltzeko deskontuak dituzte. Azkenik, blues taldeek Getxoko Blues jaialdian parte hartzeko aukera dute eta beste talde guztiak Getxoko jaietan jardun daitezke, betiere batzordeek hautatzen badituzte. Argazkian, Uribe Kosta eskualdeko Ukabilkada musika taldea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun