Udal euskara plana abiatzea eskatu diote Portugaleteko Udalari makina bat taldek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 24a, 20:02

"Euskararen udal plana orain!" lelopean, Portugaleteko elkartegintzaren 32 talde batu dira gaur goizean Portugaleteko udaletxearen atarian euskararen inguruan dituzten kezka eta eskakizunak plazaratzeko eta Mikel Torres PSE-EEren alkateari horren berri emateko bilera eskatzeko. Alfre Elgezabal Bizkaia irratiko kidea eta plataformaren bozeramaileak jakinarazi duenez, bileraz gain hiru dira Torres eta Udalari egiten dizkieten eskaera zehatzak. Hasteko, batzorde bat eratzea eskatu dute. Bertan, administrazioak eta elkarteek, "lankidetzan", udal euskara plana diseinatu eta osatuko dute, geroago Udalbatzak onar dezan. Horrekin batera, egun Portugaleten ez dagoen Euskara Zerbitzua osatzea gura dute talde euskaltzaleek. Azkenik, eta aurreko bi eskaerak egingarriak izan daitezen, 2009ko udal aurrekontuetan "euskararen udal planak isla izatea" eta proiektu horientzako partida ekonomikoak gordetzea aldarrikatu dute: "bada sasoia euskarak Portugaleten duen egoera larriari" ekiteko, plataformaren ustez. Argazki gehiago hemen ikus daiteke.

Alfre Elgezabalek gogoratu duenez, udaberrian hasi zen euskararen aldeko plataforma biltzen eta sentsibilizazio jarduerak burutzen. Egun, honako 32 eragilek osatzen dute herri ekimena: Ballonti institutua, Kanpazar, Zubeldia, Asti-Leku eta Ibarrezkerra ikastolak, Elai Alai, Berriztasuna, Ikusgarri eta Gaurko Gazteak dantza taldeak, Los Barbis musika taldea, EHE, Xaribari AEK euskaltegia, Harribola euskara taldea, Andere Bidatz emakume taldea, San Nikolas arraun taldea, Gazte Asanblada, sei aisialdi talde eta Portugaleteko jaietako hamar koadrila.

Bi oinarri xumetik abiatu dira talde guzti horiek, "euskara Euskal Herriko eta Portugaleteko berezko hizkuntza" dela eta "Portugaleteko hiritar guztiek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dutela", alegia. Baina plana eskatzeko nahi beste argudio eta arrazoi dutela erakutsi dute goizean. Eskubideak egoki bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak antolatzea, egungo legeria betetzea, euskarak udalerrian pairatzen duen "bazterkeriaz" ateratzea, Portugaletek gai honetan daramatzan 10 urtetako atzerapena konpontzea, euskara kohesio eta integrazio tresna izan beharra, dagoeneko udal euskara plana duten Enkarterrietako Mankomunitateak eta Sestao, Santurtzi, Urtuella edo Getxo bezalako udalerriak baino "gutxiago" ez izatea edota "euskaraz bizitzeko oztopoak" gainditzea dira Elgezabalek aletu dituen arrazoietako batzuk. Gainera, argi eta garbi utzi dute hasieratik haien helburua Udal arduradunekin bat lan egitea dela: "euskara ez da soilik herri taldeena, ezta administrazioarena ere, baizik eta lankidetza eskatzen duena". Hortaz, "euskara normalizatzeko pausoak, ekintzak eta epeak adostea" euskara batzordeari egokituko litzaioke.

Euskara planaren onurak

Elkarteetako ordezkariek azpimarratu dutenez "orain da unea" euskararen gaiari ekiteko, 2009 urtean zehar zer edo zer egiteko borondaterik egongo bada, garai honetan eztabaidatuko baitira datorren urteko aurrekontuak. Beranduago egitekotan, "beharrezkotzat" jotzen dituzten Euskara Zerbitzuak eta "euskara plana osatzeko asmoz lankidetzan oinarritutako batzorde anitzak" ez lukete tresnarik izango euskara plana bera eta handik eratorriko diren diagnosia eta egitasmoak aurrera eramateko.

Baina Portugaleteko euskaldunek eta bestelako hiritarrek euskara planak beren bizitzan zelan eragingo lukeen jakiteko, Ezkerraldeko udalerri horren populazioa (10.000 biztanle baino gehiago) eta egoera soziolinguistika antzekoak (bataz beste %15a da euskalduna) dituzten udalerrietan egindakoak jarri dituzte adibidetzat. Eusko Jaurlaritzak Euskaraz Biziberritzeko Plan Nagusiaren A2 ereduko udalerriek honako helburuak dituzte, besteak beste: hizkuntz ereduen gaineko informazioa eman, herri euskaldunetako biztanleekin elkartrukeak egin, ekimenak euskaraz antolatzeko erraztasunak eman, hizkuntz irizpideak udal kontratazioetan kontuan hartu, euskal kultura sustatzeko ekimenak bultzatu, euskaltegietako ikasleentzako bekak handitu eta euskarazko hedabideak diruz lagundu.

Era berean, Portugaleteko erdaldunei propio zuzendu zaizkie eta plana abiatzea haien onurako ere izango dela jakinarazi diete. Euskara egun ez dakitenek orain ez dituzten lau abantaila eskuratuko dute laster batean: euskara ikasi eta hitz egiteko erraztasun gehiago, seme-alaben hezkuntz aukerei buruzko informazio gehiago, euskal kultura gertuagotik jarraitzeko aukera eta etorkinen integrazio errazagoa.

Udal Erregistroan sartutako eskaera:

Portugaleteko alkate jauna:

Behean sinatzen dugunok, hainbat elkarteren izenean, honako hau eskatzen dizugu:

• Aurrez aurreko elkarrizketa bat egitea gure eskakizunak azaltzeko.
• Bilera horretan, Portugaleten, Eusko Legebiltzarrean 1999an onartutako Euskara Biziberritzeko Plangintza Nagusiaren (EBPN) garapenaren ildotik, eta Euskararen Aholku Batzordeak eskatu bezala, Euskararen Normalizazio eta Berreskurapenerako Udal Plana diseinatzea eta abian jartzearen beharra eta horretarako zeintzuk izan daitezkeen urratsak, epeak, elkarlanak eta aukerak aztertuko genituzke.

Portugaleten euskararen onerako izango delakoan, zure erantzunaren zain geratzen gara.

Portugaleten, 2008ko urriaren 24an
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun