Muskizeko kanporaketan lehiatuko da bihar Peru Vidal

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 25a, 00:02

Larunbat honetan, urriak 25, egingo dute aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa. Muskizeko Meatzari aretoan izango da, 17:30etik aurrera. Eta bertan sartuko da norgehiagokan Peru Vidal gaztea. Leioaztarrak azken unean eskuratu zuen txapelketan sartzea, Miren Ibarluzea mungiarrak eta Miren Loizaga sopeloztarrak hurrenez hurren Ipar Uribeko azken aulkia libre utzi zutelako. Hala ere, horregatik ez du txapela gutxiago merezi mutilak. Berarekin batera, Itzubaltzetako Bertso Eskola zuzendu zuen Oihana Bartra Mahatserrikoa, Mikel Petuya, Jabi Olibares, Ander salaberria eta Julen Erezumak abestuko dute. Gogoratu, Arrate Illaro algortarra finalaurrekoen atarian daukagula, joan den larunbatean, Zeanuriko kanporaketan bigarren gelditu ostean. Muskizeko kanporaketarako sarreran 8 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 3 euro. Argazkian, Peru Vidal apirilean Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean izandako Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan.

Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta bakarka, hasierako puntua emanda bertso bi zortziko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda beste hiruna bertso, doinu eta neurri librean. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoak, puntuen arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera.

Bitartean, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak “Egin zaitez bazkide, bota tragoa!” gonbitea luzatu die saioetara hurreratzen diren bertsozaleei. Horretarako, Bizkaiko Txakolina elkartearen laguntza dauka, bazkide berriak txakoli botilak opari izango ditu-eta. Euskal kulturgintzaren alde jarduteko modua eskaintzen zaio Bertsozale Elkarteko bazkide egiten denari eta gainera onurak hainbat eskuratzen ditu urtean 40 euro kuota ordainduta. Dena dela, txapelketan zehar bazkide egiten denak, ez du 2008ko kuotarik ordaindu beharko.

Hona hemen bihar lehiatuko diren bertsolarien fitxa:

Peru Vidal

1988an jaio zen Plentzian, baina Leioan bizi da gaur egun. Lehenengoz parte hartuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.

Oihana Bartra

Bilbotarra, 1984an jaioa. Euskal filologian lizentziatua da eta irakasle moduan dabil beharrean. Bizkaiko Eskolarteko txapelketan txapeldun izan da hiru urtetan (1999, 2000 eta 2001). 2004ean Osinalde saria eta Bilboaldeko txapelketa irabazi zituen. 2005ean Abra sariketa Areetan. Azken hiru urteetako Bilboaldeko txapelduna ere bada. 2002ko, 2004ko eta 2006ko Bizkaiko bertsolari txapelketetan finalaurrekoetan kantatu zuen.

Mikel Petuya

1985an jaiotako barakaldoarra. Euskal filologoa eta euskara irakaslea. Aurtengo Enkarterriko txapelduna. Lehenengoz parte hartuko du Bizkaiko Txapelketan.

Jabier Olibares

1980an jaio zen Zeanurin. Fabrikan lan egiten du. 2002ko Arratiako txapelduna.

Ander Salaberria

1976an jaiotako durangarra. Soldatzailea da. Iurretako bertso-eskolan trebatua. Azken urteotako Durangaldeko Txapelketa guztietan parte hartu du.

Julen Erezuma

1980an jaio zen Gernika-Lumon. Mekanizazio arloko goi teknikaria. Lehenengoz abestuko du Bizkaiko Txapelketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun