Amiantoak eragin kaltegarriak eta "askotan hilgarriak" dituela ohartarazteko asmoz, kanpaina berria abiatu du LAB sindikatuak. Gaur goizean, horren berri eman diete lan erakundeko Bizkaiko 80 bat ordezkariri Perezek eta Cristobalek, Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean egindako batzarrean. Hori bera azaldu dute biek UKBERRI.NETi eskainiko elkarrizketan (mp3). Sindikatuko arduradunek azaldu dutenez, produktu hori 2000. urtea baino lehen egin diren etxebizitzetako hainbat tokietan, eraikin publiko gehienetan (eskolak, ospitaleak, dendak, bulegoak…), ur hodietan, makinetan, ibilgailuetan, galdaratan, berogailuetan, isolatzaile moduan leku askotan, erabilia izan da. Eta gainera inongo kontrolik gabe. Dagoeneko debekatuta dagoen arren, gaur egun, oraindik ere, edozein tokian aurkitu daitekeen identifikatu gabeko elementu bat da. "Horren ondorioz langile asko (elektrikariak, iturgintzakoak, mantentze-lanetakoak eta eraikuntzakoak batez ere) zein biztanle asko ere produktu oso arriskutsu honekin kontaktuan egon daitezke, kontaktuan daudela jakin gabe", aipatu dutenez. Hori dela eta, lantoki barruan zein lantokietatik kanpo egingo dute kanpaina.
Detektibe lana
Hala ere, ez dute lan erraza LABekoek. Cristobalek aipatu duenez, "izen gutxi" agertzen dira amiantoa baliatzen duten enpresen erregistroan, RERA izenekoan. Gauzak horrela, kanpainaren lehenengo fasean, lantokiz lantoki egingo dute "detektibe lana", sindikatuko bazkideen bitartez. Enpresa horrek amiantoa erabiltzen duen edo bertan aipatu produktua dagoen, langileei azterketa medikoak egiten zaizkien, gaixorik badagoen, eta horrela bada, horri gaixotasun profesionala daukala aitortzen zaion aztertuko dute, tokian-tokian. Horrela, amiantoaren arriskuen inguruko "irudi egiazkoagoa" eman ahal izango dute eta, bide batez, lantoki bakoitzean zer ekimen egin behar den erabaki.
Kalera begira, jendea amiantoaren arriskuaz ohartaraztea da lehenengo asmoa. Horretaz gain, etxebizitza zein eraikin publikoetan amiantoa dagoen ala ez aztertzera premiatu nahi dituzte administrazio publikoak. "Eusko Jaurlaritzak eta Udalek amianto inbentario bat egiteko gaitasuna daukate edota eraikinetan amiantoaren presentzia derrigorrez begiratzeko arauak egin ditzakete", azaldu dutenez. "Gaur egun, amiantoa beste produktu batzuengatik ordezkatzeko baliabide teknikoak egon badaude", LABeko ordezkarien hitzetan.