Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, bi elkarretaratze izango dira bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko api. 27a, 20:26
Astearte honetan, apirilaren 28an, den Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kostako langileak mobilizatzera deitu ditu LAB sindikatuak. Gauzak horrela, eguerdiko 12:30ean, Ereagako kaian, Tamarises eta Igeretxe hotelen ondoan egingo dute elkarretaratzea, "Euren krisia gure osasunaren kontura!" lelopean. Arratsalderako, berriz, Getxoko ezker abertzaleak jarri du hitzordua, 19:30ean, Telletxe plazan. Horretaz gain, gaur izan den udal batzarrerako, mozioa aurkeztu dute hautetsi independentistek. "Apartheid politikoaren ondorioz,
proposamena osoko bilkuraren ondorengo galde eskeak egiteko txandan egin dugu", salatu dutenez. Argazkian, apirilaren 21ean J.G.R igeltsero leioaztarraren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten Leioako Boulevardean. Horren zuzeneko jarraipena (mp3) egin zuen Koska irratiko "Koskaberri albistegia"k. / Koska irratia.
Getxoko udal batzarrari aurkeztutako mozioa:

Apirilaren 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu. Lan segurtasun eta osasunaren defentsan erreferentea da eta, eskubide hau urratuta dugun heinean, aldarrikapen eta borroka eguna ere bilakatu behar dugu.

Euskal Herria bezalako herri txiki batean eskandalu hutsa da enpresetan urtero-urtero izaten diren istripu, gaixotasun eta heriotza datuak; urtez urte 135.000 istripu inguru, 100 heriotza baino gehiago, lan gaixotasun baten ondorioz hiltzen diren milaka langile eta bizitza osorako ezintasun iraunkorraz beste horrenbeste geratzen dira.

2007. urtean lan istripuetan hildakoak 125 izan ziren; 2008. Urtean 112 eta aurten, jadanik, 20 langile hil dira.

Datu hauek izugarrizkoak dira. Azken finean, langile hauek euren eta euren familien bizibidea ateratzen galdu dute bizitza. Gure gizarte garatu honetan, ditugun aurrerapen teknologiko guztiekin, datu hauek onartezinak dira. Horregatik, arazo sozial handi baten aurrean aurkitzen gara.

Lan egiten dugunon segurtasuna minimoki ezin badugu bermatu zerbait larria gertatzen ari da gure gizartean. Eta ezinbestekoa da arazo sozial honen oinarrietara jotzea. Azken urte hauetan lan antolaketan eredu berriak martxan jartzen ari dira. Besteak beste, malgutasun handiagoa eta lan erritmo intentsiboagoak. Hauek langilearen nekea handitu eta arreta galtzera eramaten dute, lan istripua edukitzeko arriskua igoz. Hau da, langilearen esplotazioa handitzen den heinean, lan istripuaren probabilitatea biderkatu egiten da.

Lan istripuen atzetik bi arrazoi nagusi daude. Alde batetik, enpresariek etekina ateratzeko grina beste edozein helburuen gainetik jartzen dutelako. Sarritan aipatzen da segurtasunean gastatzen dena ez dela kostua, inbertsioa baizik. Zoritxarrez, gauzak ez dira horrela izaten, batez ere, enpresari askok epe motzeko etekin ekonomikoei begira daudelako. Eta asmo onak albo batetara gelditzen dira, tartean lan osasuna, ahalik eta etekin borobilenak lortzeko.

Eta bestetik, Euskal Herrian dugun arazoa gure Lan Harremanetarako Esparru propioa eraikitzeko, bi Estatuen inposaketari aurre egiteko. Hau, ezinbestekoa dugu gure lan harremanak antolatzeko, lan erreformei aurre egiteko eta bide batez lan istripuak gutxitzeko.

Honengatik guztiagatik, Getxoko Udaleko Osoko Bilkurari ondoko adierazpena onartzea proposatzen diogu:

ADIERAZPENA

1.Lan istripuei aurre egiteko lan harreman eta prebentzio eredu ezberdinak beharrezkoak dira; osasuna, negozioaren ordez, eskubidea eta lehentasuna izan dadin, arriskuei eta kalteei aurre egiteko eredu publiko, unibertsal, kalitateko eta parte hartzailea aldarrikatu behar dugu.

2.Getxoko Udalak ez du inolako obra edo zerbitzurik kontratatuko, lan arriskuen prebentzioko alorra ez betetzeagatik gertaera larri edota oso larriaren ondorioz zigortu duten inolako enpresarik.

3.Udalerrian lan istripu larria ematen bada, Udalak gertatutakoa argitzeko behar diren bitartekoak jarriko ditu, besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera bat eskatzea istripuari buruzko informazio guztia eman dezan.

4.Balizko lan istripua argitzeko bide judiziala irekitzen bada, Getxoko Udalak herri akusazio moduan aurkezteko konpromisoa hartzen du.

5.Getxoko Udalak apirilaren 28an antolatu diren mobilizazioekin bat egiten du eta bide batez herritar guztiei deitzen die bertan parte hartu dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun