Gaur, larunbata, eta bihar arteko gauean ordubete atzeratu beharko dira erlojuak. Horrela, 3:00etan berriro ere 2:00ak izango dira. Ondorioz, gaur gauean lo egiteko edo parrandan ibiltzeko ordu bat gehiago izango du jendeak, eta ostalaritzan edota garraioetan beharra egiten dutenei, aldiz lan egitea egokituko zaie. Europako Batasun osoan aurreratzen dira erlojuak Ordu Aldaketa deritzon Europako Erkidegoaren Zuzentarauari jarraituz, energia aurrezteko helburuarekin. 1974tik aurrera hasi zen ezartzen ordu aldaketa hori, petrolio krisiarekin eguzkiaren indarra aprobetxatzeko martxoan erlojuak ordubete aurreratzea erabaki zutenean herrialde batzuk. Urrian, berriz, kontrako norabidea hartzen da, eguzki argiaren zikloari jarraituz. Tarteko hilabeteetan, argia produzitzeko elektrizitate kopuru txikiagoa behar da. Udako ordutegiari beti martxoko azken igandean ematen zaio hasiera eta amaiera urriko azken igandean. Espainiako Komertzio, Turismo eta Industria Ministerioaren Energiaren Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuaren aurreikuspenen arabera, ordu aldaketaren ondorioz, argindarrean 300 milioi euro gutxiago gastatzen dira, %5 bat aurreztuz.