Xake plaza parke bihur dadin Gobela ibaia lurpetik joatea onartuko luke Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 26a, 01:19

Getxoko PPk aldatu egin du iaz PSE-EErekin aurkeztu eta orain arte mantendu duen Areetako Xake plazarako bere proiektua. Orain, Gobela ibaia superfiziera ateratzea "beharrezkoa ez" delakoan daude. Marisa Arrue, Eduardo Andrade, Jesus Toca-Toña eta Raquel Gonzalez zinegotzi popularrek atzo Xake plazan bertan egindako agerraldian azaldu zutenez, "zonalde honetan ibaia azaleratzeko proiektua egin genuen, hainbat zubi tarteko. Eta guri hori egitea hoberena irudituko litzaiguke. Baina beharrezkoa ez bada, eta berdegunez estaltzen bada gu ados egongo ginateke. Teknikoak izan beharko dira hori zehazten dutenak". Arruek nabarmendu zuenez, "garrantzitsua zuhaitzak eta berdeguneak jartzea da, plaza erabilgarria izan dadin".

Atzo PPk erakutsi zuen "PPk beti defendatu duen proiektua", Eusko Trenbideen geltokia bota osteko ideia txapelketan irabazi zuena, alegia. Egitasmoa "geroago aldatu zen, ez dakigu zergatik. Ala bai, agian urtean sei hilabetetan karpa bat jarri ahal izateko", bota zuen ironiaz PPko bozeramaileak.

Goian zehaztutako aldaketarekin batera, Udal Gobernuari botatako kritikak eta eskaerak plazaratu zituzten popularrek. Adierazi zutenez, Xake plaza "zonalde gogorretik berdegunera aldatzea orain dela urte bat onartu egin zen" eta Udal Gobernuak "oraindik ez du deus egin". Iaz egindako Udalbatzan, EAJk argi eta garbi utzi zuen Udalbatzak kontrakoa esan arren, haiek ez zutela aurrerapausorik emango PSE-EEk eta PPk Gobela ibaia azaleratzeko asmoetan atzera jo arte.

"Kabul"-en behingoz parkea egin dezaten ere eskatu du PPk

Gaiari lotuta, PPk Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kalearen eta Areetako Xake plazaren ondoan dagoen lursaila behingoz parke gisa kalifikatzeko eskatu zion Udal Hirigintza Batzordeari hilaren 15ean. Marisa Arrue bozeramaile popularrak gogoratu duenez, Udalbatzak iaz onartu egin zuen aldaketa hori, baina Udal Gobernuak ez du oraindik auzokideek "Kabul" bezala —"Sarajevo", Arrueren arabera— ezagutzen duten 7.1. Exekuzio Arloa izeneko orubearen egoera aldatu.

Kasu honetan, bertan parkea egiteaz gain, elkarteentzako eta kultur azpiegiturarako eraikina ezartzea ala ez da oposizioa eta Udal Gobernua aurrez aurre egoteko arrazoia. Gobela ibaiarekin ez bezala, gai horretan PPk bere kontrako jarrera mantentzen du: "egun, hirugarren mundukoak diren Santa Eugeniako kultur etxea eta Areetako azoka konpontzea da lehenbiziko lehentasuna. Ondoren, ikusiko dugu ea beharrezkoa den gehiago egitea. Dagoeneko, udal eraikin nahikotsu dago, gehiago egin behar izateko", azaldu zuen Marisa Arruek.

Santa Eugeniari dagokionez, PSE-EE eta PPk atzera bota zuten pasa den hilabeteko Udalbatzan EAJk aurkeztutako egitasmoa, jeltzaleek "inorekin adostu gabe eta dirua nondik aterako duen esan barik" jardun zutela argudiatuta. Areetako azokak, berriz, Microsoft nazioarteko enpresari esleitutako Bizcaytik ekimena hartuko du, Udalak Foru Aldundiarekin izandako akordioa dela eta.

Antzinean, "Kabul"-en babespeko etxebizitzen lau etxalde egiteko proiektua egin zuen Udalak, baita lursaila Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailera utzi ere, baina ibaiarekiko tartea hamar metro baino gutxiagokoa denez epaitegiek orain dela bi urte gelditu zuten asmo hori. Arrueren esanetan, "auzokideen eskaeren aurrean lursail hori berdegunera bideratzea eskatu zuen PPk eta Udalbatzak horrela onartu zuen".

"Baina", kexatzen dira popularrak, "denbora aurrera doala ikusten dugu, bitartean Udal Gobernuak deus ez duela egiten, ezta orubea kalifikatu ere". Hirigintza Batzordean aurkeztu duten proposamenak zorte hobea izango duen ez dakite: "beste epealdi zuhur bat emango diegu aldaketa abia dezaten. Baina hau egin dadin adi egongo gara". Era berean, auzokideak ere "sutan" daudela gogoratu zuten PPkoek: "Areetaren erdian dena porlanez beteta horrela izatea ez delako normala"
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun