Oihana Bartrak irabazi egin du Muskizken

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 26a, 02:42

Oihana Bartra mahatserritarra, Bilbo eskualdeko txapelduna eta Itzubaltzetako bertso eskolako irakasle ohia nagusitu egin zen atzo Muskizen jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan. Saio osoan zehar Jabier Olibares zeanuritarrarekin lehia estua izan ondoren, Bartrak 402,5 punturekin hartu zion aurrea, Olibares 371,5ean utziz. Arratiarrak azken agurrean gertatutakoa azaldu zion, badaezpada: "Oihana ez joan hortik / saltoka eta kolpeka / kartzelan egin dudan potoak / salbatu zaitu gaur eta". Dena den, poto gabe ere Bartza izango zen irabazlea. Mikel Petuya barakaldoarrak gogoz ekin zion mikrofonoari eta saio ona egin ondoren 349 puntu batu zituen, Peru Vidal (348) Uribe Kostako ordezkari bakarrarekin izandako norgehiagokan puntu bakar bateko abantaila erdietsiz. Beren atzean Ander Salaberria (331,5) eta Julen Erezuma (324,5) sailkatu ziren. Argazkian, Oihana Bartra.

Gauzak horrela, Peru Vidalentzat, Itxaso Payarentzat bezala, lehiaketa bukatu dela esan daiteke. Arrate Illarori, berriz, gauzak aldapa gora jartzen hasi zaizkio, baina oraindik badago aukera aurrera egiteko. Izan ere, Zeanurin erdietsitako puntuek finalaurrekoetarako txartela eskuratzeko balio duten ikusteko apur bat itxaron beharko du. Kontuan hartu behar da 18 lagunek kantatuko dutela Itzubaltzeta / Romo, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeinen baina haietako 7 iazko finalistak eta beste 5 kanporaketen irabazleak izango direla. Momentuz gelditzen diren sei lekuetarako hirugarren dago Illaro, Eñaut Intxaurragaren eta Jabi Olibaresen atzetik, eta oraindik bi kanporaketa falta dira. Jone Uriari dagokionez, datorren astean dauka hitzordua Larrabetzuko saioan.

"Aupa", nahikorik ez

Saio ona eta arina izan zen Muskizko Meatzari aretoan 220 bat bertsozaleek entzun zutena. Oihana Bartra, Peru Vidal eta Mikel Petuya izan ziren jarraitzaile gehien batu zutenak, lehenengoek, gainera, motibatzeko pankarta bana eta guzti. Zoritxarrez, "Aupa, Peru!" lelo xumeak ez zuen behar beste eragin Vidalengan. Berriz, "Kontuz! Oihanean galduko zarie! Egurre!" lelopeko pankarta egia bihurtu zen.

Oihanak lehenengo agurretik erakutsi zuen etorriko zena, "Bota" aurtengo txapelketako leloa zazpi hitzetan azalduz: "guk bertsoak bota eta / zuek txalotan bueltau". Handik aurrera bertsolariek egindako lanari ederto erantzun zion publikoak eta txalo zaparradak maiz entzun ziren.

• Zortziko nagusian, lan ardurak direla eta lo egiten ez duen beharginaren paperean ondo baino hobeto moldatu zen Oihana Bartra eta bere irakasle egoera horrela erakutsi zion ofiziokidea izan zen Julen Erezumari:

Etxera joanda, ezin ahaztu
horren beste neska-mutil
eta ostera zure lanean
nik ikusten zaitut trankil.
Deskonektetan ibiltzen zara
ta jokatzen duzu abil.
Zu makinakaz zabiltz lanean
ta nik pertsonakaz nabil. (bis)

Erezumak, baina, ez zion irakaspena ontzat hartu:

Makina baten aurrean, hortxe,
egunero zortzi orduz.
Eskuak ere arrapau ez, ba.
Ibili behar da kontuz
eta, Oihana, zabiltza nire
lana hobetzat hartuz.
Gura badozu hilabetean
lanak aldatuko doguz.

• Barre algarak ere sortu zituen Oihana Bartra eta Ander Salaberriaren arteko ofizioa, zortziko txikian. Salaberria aitak urteetan handik hona ibili den Oihana alabari egin zion harrera aspaldiko bisitan, zertarako eta alaba moja sartuko dela jakiteko. Bere harridura azaltzeko hitz joko polita erabili zuen Salaberriak:

Aspaldi joan eta
zu barriro gertu,
eta halakotara
nolatan ausartu:
sor Oihana izateko
gogoa agertu.
Behin sortu zintugun ta
orain berriz sor-tu.

Eta Oihanak txanpon bereko bueltak eman zizkion:

Emon gura zeustazun
beti zure babesa
ta erakutsi duzu
kriston interesa.
Ni kontrolatzea ez da
sekula erraza,
Moja egiten noa,
aitatxo, sor-presa.

Hainbeste ezusteko onartzeko bidean jarri zen Salaberrria, baina:

Fede kontu horiekin
jentea erdi ero
ta zuk ikusten zaitut
orain bero-bero.
Joaten utzi dizut
nik neuk honezkero,
Jaungoikoa non dagon
azaldu ezkero.

Baina Bartra eta fedea ez ziren batera joan:

Beraz, ulertzen zoaz
dana pixkanaka.
Azalpen eske zatoz,
oraingoan kaka.
Urtetan ibili naiz
liga ta ligaka
ta jaunkoagaz ligatzea
baina ez jat falta.

Trantze horretan Salaberriak argi utzi zizkion gauzak alabari: "abstinentzia botua / eman behar duzu". Eta Bartrari bat-batean argitu zitzaion bidea:

Beraz argitu dozu
guztia jadanik.
Baina zalantza batzuk
daukadaz oraindik:
ez nekien abstinentzia
bota behar nuenik,
abstentzioa zala
pentsatzen neban nik. (bis)

• Peru Vidalek eta Mikel Petuyaren arteko elkarrizketak ere eman zituen entzutekoak. Bi lagunak bidaia luze baten bueltan gasolinarik gabe gelditu eta gasolinera joan ziren. Bertan, autotik biak atera eta autoa ostu egin zieten. Peruk irtenbidea edo topatu zion egoerari:

Gaba da eta dena
dago horren ilun.
Oinez joan ezkero
ditugu bi egun.
Hemen botata gaude,
zu ta ni: bi lagun.
Orain beste kotxe bat
guk ostu dezagun.

Baina Mikel Petuyak saioan nor nagusituko zen bertan erakutsi zion:

Bestela joan behar
urruti korrikan
eta ez da egokia
pentsatzen jarrita.
Ez gaitezen gu hasi
elkarri harrika,
baina ez berriro utzi
giltzak ipinita.

Baina Peru ez zen egoeraz konturatu eta berera jarraitu zuen:

Etxeraino ditugu
sei ordu inguru.
Autostop-a ere
egin beharko dugu,
nahiz hartzeko eukiko
dugu mila apuru,
hain guapo naizenez
hartuko naute seguru.

Petuyak, ordea, ez zuen elkarrizketa galtzen utziko:

Txorradarik oraintxe
ez bota, mesedez.
Kotxean bila daigun
behingoarren, babes.
Baina egingo duzu
zuk guaperas, trabes:
itxusia kotxean
ta guapoa oinez.

• Barre multzoak izan ziren Julen Erezuma eta Jabier Olibares bikotekideen arteko arrantza astean. Ordu batzuk pasatuta Julenek gogaituta zegoela esan zuen eta liskarra hasi zen:

Erezuma:

Nire mutila ez da
mutil klasikoa
ta gaurkoan duguna
ez da tipikoa.
Arrantzara ekarri nau
ta nago itoa.
Jabi, hauxe bai
dela erromantikoa.

Olibares:

Zuk ez dakizulako
gauza ona zer dan:
txalupan txilinpalan
gabiltza primeran.
Noizbehinka itsasoko
ur gatzik edan...
Romantikoagorik
zer dago aukeran?

Erezuma:

Espero nuen igual
jardutea bero,
hau nola ibiltzen den
holan egunero
ta hemen bilin-balan
jarraitu ezkero,
igual erregalua
etorriko da gero.

Olibares:

Erregalua ez dago
bazabitz horrela.
Aprobetxatu daigun
gaugiro epela.
Gero afaritako
lebats ta berdela,
jakin pulpo bihurtzen
be badakitela.

Erezuma:

Pulpoa bazaren
nabari aurpegian
ta aurkitzen gara gu
itsaso erdian.
Hau espero izan dut
bizitza osoan,
ezkontza eskau zazu,
izarren azpian!

• Puntuari erantzunez, inor baino azkarrago eta finago ibili zen Oihana Bartra:

Gora ta bera dabil
aspaldian burtsa...

batzuk azpitik dabiltz
bultza eta bultza.
Baina ez dut ulertzen
beraien hizkuntza
ta hortako behar dut
no-noren laguntza.

Danon etxeetara
sartu da krisia...

eta egoera da
nahiko nahasia.
Hasieran egiten
eustan grazia,
baina aspaldian naz
kezkatzen hasia.

Bertsolariak ikasle etorkinaren rolean preso

Kartzelako lanean sei bertsolariak jarri behar izan ziren orain dela sei hilabete gurasoekin batera Euskal Herrira heldu eta gaur lehenengo eskola eguna duen umearen buruan.

• Mikel Petuyak Somaliako umea izatea erabaki zuen eta hizkuntza arazoak erakutsi zituen bigarren eta hirugarren bertsoetan:

Batzuk erdara bestek ez dakit.
hizkuntza nola ulertu
irakasleak esan dit
joakin animo eta saiatu
indarra eta ulermen maila
biak behar dira batu
eskolaz kanpo gauza tristeak
ere omen dira gertatu
gerra batetik irten nintzen
ta beste gerra baten sartu

ulertzen ez den hizkuntzarekin
daude polemika franko
esan didate eragiten du
hizkuntzak etekin asko
baina batzuek beti hartzen dute
ikasiko dut biharko
eta halare sentitzen dira
erabat zeharo basko
nik hizkuntza hori ikasi nahi dut
hemengoa naizelako

• Baina, puntuari erantzutean bezala, kartzelan ere hobekien moldatu zena Oihana Bartra izan zen:

Senegaletik aspaldi ein
gendun hirurok alde
gurasoen beharra zan ta
eurekaz eroan nabe
gaur eskola barrian nau
niretzako nobedade
eskutik helduta pozik
ailegatu naz halan be
patioan ume danak hor
dekodaz parez pare
baina guztiek hizkuntza
raro bat egiten dabe

baina halan eta guztiz
ez dot egingo negarrik
gurasoak joan diranean
ez dot bota deiadarrik
leku honi orain ez deutsat
nik ikusten gauza txarrik
eta barrutik atara
al dot ondiño indarrik
senegalen nik eneukan
konpainiaren beharrik
ta orain ez dakit
zer ba sentitzen
naizen bakarrik

integretako egin dot
kristoren eginahala
baina umeek baztertu
egin nabe berehala
ikusi al dot zerozer
ez dala guztiz normala
behin amatxuk esan eustan
alaba zara espeziala
baina bakarrik egonda
orain ulertu dot hala
ezberdina izatea
hemen txarra dala (bis)

• Jabier Olibaresek ere kartzelako lan ona egin zuen gaia landu eta zabaldu aldera, baina bigarren bertsoan egindako potoa puntu asko kostatu zitzaizkion:

Mustafa Kuida daukot izena
ez dot gehiago botako
egunsentian preparatu nau
amatxok eskolarako
bizi guztia ez dot etxean
izkutatuta botako
baina klasean aldamenetik
begitan nau oso txarto
ta ez dakit dan motxilagatik
edo baltza nazelako

aguantatuta gogor eitea
besterik eztzat gelditzen
gu lango danak lapurretan da
ez direlako ibiltzen
ni etorri naz munduko
gizon handieneri jarraitzen
hasiko dira nire ondoan

edukaziñoz ibiltzen
nik ikasiko dut hemen bizitzen
ta erurak nigaz bizitzen

arropak jantzi eta lepoan
eskegi neure maleta
barruan sartu estutxetxoa
kuadernoa ta karpeta
itxi alboan klase-lagunak
darabilen barriketa
ta eskolara hutsi ein barik
egunero eingo dot buelta
eskubideak defendatzeko
ikasi gura dot eta

• Peru Vidalek bere aldetik ondo baino hobeto heldu zion lehenengo bertsoan eskolako lehenengo egunak sortzen dituen sentsazioei:

patera baten hiru egun luze
zeharkatuz itsasoa
heldu egin ginen eta geroztik
daukagu ilusioa
aita ta amari esaten diot
"dut eskolako gogoa"
ederto noa ta pozik noa
dut ikasteko asmoa
ilusioaz noala diot
baina beldurtuta noa

• Azken agurrean, Jabi Olibaresek Oihanari botatako bertsoez gain aipatzeko gehiago izan ziren. Alde batetik, Xabi Payaren aurrekariari jarraipena emanez edo Mikel Petuyak lagunei, Jokin Urangari eta herriko presoei bertsoak bota ostean, Josefa amamari espainieraz dedikatutako bertsoak. Beste aldetik, Oihana Bartrak egun osoan zehar Euskal Herrian izandakoak laburtu zituen agurra dela medio:

Hitza Hitz ekimen kutre horretan
dauz indar regionalistak,
beste zeozetan dabiltz Hernanin
gazte independentistak.
Kursaaleko ekimena gero, PSOE
ta Gasteiz, falangistak...
saio honetarako denbora askorik
ez dauko Euskal Telebistak.

Hurrengo kanporaketan, Jone Uria

Datorren igandean, azaroak 2, Larrabetzuko frontoian izango da hurrengo kanporaketa, arratsaldeko 5.30ean. Bertan, Jone Uria algortarra, Lander Ibarluzea, Miren Amuriza, Joseba Artza, Gorka Estolaza eta Arkaitz Zipitria arituko dira bertsoetan. Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta bakarka, hasierako puntua emanda bertso bi zortziko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda beste hiruna bertso doinu eta neurri librean. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoak, puntuen arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera. Muskizeko kanporaketarako sarreran 8 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 3 euro.

Dagoeneko www.botasarean.biz txapelketarako beren beregi atondu den webgunean, abenduaren 20an Barakaldoko BECen egingo den finalerako sarrerak erreserbatu daitezke. Erreserba egiten duenari etxera bidaliko zaio eskatutako sarrera edo sarrerak (bat baino gehiago eskatuta). Webgunean erreserbak egiteko azken eguna abenduaren 18koa izango da. Hala ere, abenduaren 13tik 18ra eskatzen dutenek, etxean barik, BECeko lehiatilan jaso beharko dute sarrera. Hiru preziotako sarrerak daude: arrunta 16 euro, bazkideentzat 12 euro eta 16 urtetik beherakoentzat 8 euro. Webgunean (www.botasarean.biz) ezezik, BBKren orotarako kutxazainetan edo 944 310 310 telefono zenbakian ere eskuratu daitezke finalerako sarrerak.

Orain arteko sailkapena:

• Igor Elortza, 424,4 puntu. Sailkatua zuzenean.
• Oihana Bartra, 402,5. Sailkatua zuzenean.
• Eneko Abasolo, 392,5. Sailkatua zuzenean.
• Eñaut Intxaurraga, 380,5.
• Jabier Olibares, 371,5.
• Arrate Illaro, 369,5.
• Eñaut Uruburu, 367.
• Xabier Enbeita, 365,5.
• Garikoitz Sarriugarte, 364.
• Iker Belaustegi, 361,5.
• Iñaki Iturriotz, 359.
• Mikel Petuya, 349.
• Peru Vidal, 348.
• Itxaso Paya, 345.
• Olatz Ibarluzea, 342,5.
• Xabat Galletebeitia, 338,5.
• Ander salaberria 331,5.
• Julen Erezuma, 324,5.

Argibide, bideo, argazki eta audio gehiagorako jo zuzen www.botasarean.biz webgunera
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun