Ostiralean kantu afaria egingo dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 27a, 17:14
“Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko” leloari kasu eginez, abesteko egitarau ederra prestatu du ostiral honetarako, urriak 31, Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak. Arratsaldeko 7:30ean Kantagunea egingo dute Altzagako La Plaza tabernan. Ondoren, 22:00etan, afaria izango da La Estrella jatetxean. Eta, azkenik, Zu Kantari taldeak alaituko du afalostea. Izena emateko azken eguna hilaren 29a (asteazkena) izango da, La Plazan. Berboskideek eta berbalagunek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 25 euro. Menuari dagokionez, zainzuriak bi saltsetan, etxeko kroketak, iberiar urdaiazpikoa, entrekota ala bakailaoa, etxeko postrea eta etxeko urteko ardoa egongo dira. Bestalde, azarorako txakolin kata eta argazkigintza digitala ikastaroak antolatu ditu Berbotsek. Argazkian, ekainaren 15ean udalerriko kaleak alaitu zituen Kantaguneak.
Lehenengoan, aditu bat etorriko zaie eta txakolinaren inguruko misterioak argituko dizkie, hobeto dasta dezaten. Ikastaroa azaroaren 1ean, larunbata, izango da, 12:30etik 14:00etara. Salneurria, berriz, 5 euro (2 euro berboskideak eta berbalagunak). Bestalde, argazkigintzaren oinarriak abiapuntu hartuta, adibideen bitartez funtsezko puntuak ukituko ditu beste ikastaroak: diafragma, obturadorea, ISO… Behin hori guztia ulertuta, ariketa batzuen bitartez kalera irten eta praktikan jarriko dute aurreko egunean ikasitako guztia. Azkenik, Photoshop programari begiradatxo bat emango zaio, oinarrizkoak diren gauzak erabiltzen ikasteko. Argazkigintza digitala ikastaroa azaroaren 8tik 29ra bitartean egingo dute, larunbatero, 11:00etatik 13:00etara. Prezioa 10 euro izango dira (5 euro berboskideak eta berbalagunak). Ikastaroak Bordatxu (San Jeronimo 14, Altzaga) gazte txokoan emango dira. Telefonoz (630 404 171) edo e-postaz (berbotserandio[abildua]telepolis.com) izena eman daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun