Ostiralera arte ikusi ahal izango da Kultur Leioan Alberto Palomeraren erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 27a, 17:19

Gaurtik hasita eta datorren urriaren 31ra arte ikusgai izango da Kultur Leioako erakusketa gelan Alberto Palomera artista bizkaitarraren azken lanen bilduma, "El libro de las cosas extrañas" izenekoa. Hainbat eskulturaz osatuta dago, forma, kolore eta jatorri anitzekoak eta Palomerak Alber D'Arbbin pertsonaiaren obrak bezala aurkezten dizkigu, erakusketa bera fikziozko istorio batekin lotuz. Horretaz gain, pinturak presentzia oso garrantzitsua du, tokiko kultur iturriek adierazi dutenez. Horretarako kubo beltz bat jarri du aretoan artistak, berak egindako irudi batzuekin. Horiekin batera bisitari bakoitzak bere marrazkia egiteko aukera edukiko du, ikusleen parte hartze aktiboa bultzatuz. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Bitartean, gaur, "Che, el argentino" filma emango dute Kultur Leioan, 3 euroren truke. Eta bihar "Tropa de elite" bi euro ordainduta. Biak ala biak 20:00etan izango dira.

Hitz hauekin aurkezten digu Alberto Palomerak bere erakusketa: "ahaztutako testu eta erlikien bila 'gaazha' delakoetatik sarritan egiten nituen txangoetako batean, aurkikuntza harrigarria egin nuen: Oso ezaguna ez zen eta erreferentzia gutxi nituen egile baten zenbait eskuizkribu, eta hainbat eta hainbat orri ordena zehatzik gabe kaligrafiatuta, ezagutzaz, ametsez, intuizioz eta gurariz blaituak. Albër D'Arbbinen benetako ondarearen aurrean nengoen. Zoro baten, ameslari baten lana zirudien, baina, pixkanaka-pixkanaka, egile misteriotsuaren lan kriptikoa ulertzeko nahitaezko ziren elementuak, kabinete bitxi hau osatzen dutenak, aurkitu nituen. Albër D'Arbbinek era guztietako ideiak sakabanatu ditu, besteak beste, Geometria, Botanika, Matematika edo Arteari buruzkoak; horretaz gain, teknika landu eta anbiguoko gailu ugari eta bakanak nahiz objektu exotikoak ere bildu ditu. Bildumagile sutsu gisa, atsedenik gabeko ikertzailea da; guztizko ezagutza, ezagutza globalizatzailea lortu nahi du, naturaren behaketaren eta esperientziaren bitartez".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun