Ariketa fisiko gutxi egiten dute unibertsitateko ikasleek, batez ere neskek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 27a, 17:39

Unibertsitateko ikasleen ariketa fisikoa egiteko ohiturak eta egoera fisikoa aztertu ditu EHUn egindako doktore-tesi batek. Ikerketan parte hartu duten gazteen ia erdia bizimodu sedentarioa daramate, eta, horien esanetan, horren arrazoia denbora falta eta borondate falta dira. Mendebaldeko gizarteetako osasun-arazo ohikoenek erlazio zuzena dute bizitza-ohiturekin, horien artean loditasuna eta sedentarismoa. Gure gizartea geroz eta sedentarioagoa da, eta bizi-kalitatearekin lotzen ditugun ohitura asko ariketa fisikoaren murrizpena eragin dute. Gazteen kasuan, unibertsitatean ikasten hasteak aldaketak eragin ditzake bizi-ohituretan eta, askotan, kirola ohitura horietatik kanpo geratzen da. Eta horrek uste baino eragin handiagoa du. Izan ere, garai horretan gertatzen diren aldaketa guztiek garrantzia handia dute, helduaroan ere manten daitezkeelako. Argazkian, Itziar Hoyos Cillero, tesiaren egilea.

Unibertsitateko ikasleen ariketa fisikoa egiteko ohiturak aztertu ondoren, Itziar Hoyos Cillero doktoreak unibertsitateko ikasleen ariketa fisiko ohiturak, egoera fisikoa eta osasuna izenburuko doktore-tesia aurkeztu du. Itziar Hoyos Cillero Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua eta Erizaintzan diplomatua da eta, egun, EHUko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakasle laguntzailea da. Aurkeztu duen tesia EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia Saileko Jon Irazusta Astiazaran eta Javier Gil Goikouria doktoreek zuzendu dute. Gainera, Eusko Ikaskuntzaren laguntza ere izan du Hoyos doktoreak doktore-tesia egiteko.

Ikasketak, ariketa fisikoa, osasuna eta generoa
Ikerketa horren helburua da unibertsitateko ikasleek ariketa fisikoen inguruan dituzten ohiturak ezagutzea eta ariketa horiek osasun-egoeran duten eragina aztertzea. Ikasketek ariketa-ohitura horietan eta osasunean izan dezaketen eragina, eta generoak ariketa fisiko ohituretan duen eragina ere aztertu du Hoyos doktoreak. Horretarako, hamabost egunetan ia 400 ikasleek aisialdian egindako ariketa fisikoaren maiztasuna, intentsitatea eta iraupena aztertu ditu. Unibertsitatean hasi aurreko datuak ere izateko, batxilergoan egiten zuten ariketa fisikoari buruzko informazioa ere galdetu die ikasleei.

Ikasleen osasunari buruzko datuak lortzeko partaideen gorputz-osaera baloratu du —pisua, altuera, eta gantz-, gihar- eta hezur portzentajeak—, eta, osasun-egoera baloratu ahal izateko, ikasleen arteria-tentsioa, loditasuna eta gaitasun aerobikoa neurtu ditu. Bukatzeko, unibertsitateko ikasturteetan zehar ariketa fisikoa egiteko ohituretan aldaketarik gertatu den aztertzeaz gain, ohitura horiek etekin akademikoarekin —batxilergokoarekin nahiz unibertsitatekoarekin— zerikusirik bat ote duten aztertu du ikerlariak.

Sedentarismo maila altua

Ikerketak plazaratutako datuen arabera, ikasleen ia erdia sedentarioa da, eta, gehienek, batxilergotik unibertsitatera bideko tartean utzi zioten kirola egiteari. Horregatik, unibertsitatean hastea ariketa fisikoa uzteko faktore erabakigarria dela dirudi. Unibertsitatean egonda ariketa fisikoa egiten duten ikasle gehienek —bereziki, neskak— ariketa fisikoa bakarka eta federatu gabe egiten dute.

Datuak sexuka aztertzean, bai unibertsitatean eta baita batxilergoan ere, neskek mutilek baino ariketa fisiko gutxiago egiten dutela ikusi da, eta kirola ez egiteko arrazoi nagusiak denbora falta eta borondate falta direla diote ikasleek. Hala ere, bizitza akademikoaren eta ariketa fisikoaren arteko erlazioa ez da berdina neskengan eta mutilengan. Mutil sedentarioek emaitza akademiko hobeak lortzen dituzte ariketa fisiko maila ertaina dutenen eta aktiboen direnen aldean. Nesken artean, aldiz, ez da betetzen mutilen erlazio negatiboa eta notarik onenak nahiz okerrenak lortzen dituztenak sedentarioagoak dira bitarteko emaitzak lortzen dituztenak baino.

Hala ere, orokorrean, etekin akademiko hobea balio osasungarriagoekin erlazionatzen ditu ikerketak. Izan ere, bizi-ohitura osasungarriagoekin erlazionatzen diren balioek (ordena, disziplina eta abar) etekin akademikoan eragina izan dezaketela uste du Hoyos doktoreak.

Puntu horretan, unibertsitateko nesken sedentarismo-maila mutilena baino altuagoa izanda ere, mutilen gaitasun aerobikoa neskena baino kaskarragoa dela azpimarratzen da. Horren guztiaren azalpena izan daiteke, alde batetik, unibertsitateko nesken loditasunaren eta gehiegizko pisuaren portzentajea baxuagoa dela, eta, bestetik, nahiz eta sedentarismo portzentajea askoz ere altuagoa izan, neskek askotan aipatzen ez duten ariketa fisikoa haien eguneroko ekintzetan barne hartuta dagoela —batetik bestera oinez joatea, eskailerak igotzea eta abar—.

Egoera fisikoaren eta ariketa fisikoaren arteko lotura

Tesiaren egilearen iritziz, egoera fisikoak gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan duen garrantzia handia da ariketa fisikoaren garrantziarekin alderatzen bada. Adituek ariketa fisikoa eta egoera fisikoa banaka aztertu dituzte, eta ez dute oraindik erabaki bi horietako zein den garrantzitsuagoa gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko. Ikerketa honetan lortutako datuak auzi hori konpontzen lagundu dezaketela uste du Hoyos doktoreak. Izan ere, lortutako emaitzen arabera, badirudi egoera fisikoak eragin handia duela gaitasun aerobikoan.

Ikertzailearen iritziz, gaztean egoera fisikoaren eta osasun-parametroen arteko erlazio sendoa da ikerketak agerian utzi duen punturik garrantzitsuena. Izan ere, gaztetako egoera fisiko kaskarragoa arteria-tentsio altuarekin erlazionatzen da, eta horrek guztiak gure gizarteko populazioaren osasun-egoeran dituen ondorioak kontuan izan behar direla azpimarratzen du.

Azkenik, EAEko eta Espainiako populazioaren datuekin alderatuta ikertu diren unibertsitate-ikasleen sedentarismoaren, loditasunaren eta gaitasun aerobikoaren batez besteko datuak hobeak badira ere, Europa iparraldeko eta mendebaldeko datuak baino okerragoak direla ikusi da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun