Algortako Ereaga hondartzako turismo bulegoan zein Bizkaiko Zubian, Telletxe eta Xake plazetan edota jaialdi ezberdinetan jarritako etxatoetan, 3.492 bisitari "atzerritar" ("Frantziakoak, Erresuma Batukoak, Alemaniakoak eta Italiakoak", udal iturrien arabera) hartu zituzten joan den udaldian, ekainetik irailera bitartean. "Datu horiek 2007an jasotakoekin alderatuta %14,7 hazkundea suposatzen dute. Orokorrean, Bizkaian (-%3,8) eta Euskal Autonomia Erkidegoan ( -%4,3) jasotako datuak ez bezala, Getxok %1,29 bisitari gehiago hartu zuen udan", tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Getxoko Kirol Portuak, aldiz, jaitsiera nabarmendu zuen bere jardueran: %38koa bidean zeuden belaontzietan eta %52koa bidaiarien artean. Guztira, 22.896 pertsonei arreta egin zieten udal turismo bulegoetan (haietariko %72 turismo-informazio guneetan) eta iraila izan zen, 7.188 kontsultekin, eskaera gehiago jaso zuen hilabetea –errekorra aurreko urteetan jasotakoekin alderatuz gero-. Argazkian, Telletxen jarritako turismo bulego ibiltaria.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!