Algortako Basagoiti Etorbidean dagoen Etxe Sorgindua edo Etxe Arrosa konpontzeko lanez arduratuko den enpresa berri bat bilatzea erabaki du Getxoko Udalak, obrak agindu zitzaizkion sozietateak zegozkion denbora epeak bete ez dituelako, tokiko agintarien arabera. Aipatu enpresako arduradunek ordainketak eten egin dituzte eta, ateak itxi ala ez, administratzaile judizialen eskuetan utzi du azken erabakia. Horren aurrean, Gobernu Batzordeak, aipatu lanak ahalik eta lasterren berriz hasteko asmoz, horien ardura zuen enpresarekin zuen harremana amaitutzat jotzea erabaki du. Etxe Sorginduaren zaharberritzea 1.213.500 eurotan egingo da eta lanak amaitzeko epea 12 hilabetekoa zen. Udala ikertzen ari da jada lanen ardura zuen enpresak kontratua ez betetzeak obrei eragin dizkien kalteak, arazoak zehaztu eta dagozkion erreklamazioak aurkeztu aldera. Artean, Gobernu Batzordeak akordioa egin du enpresa kontratistarekin, horrek orain artean egindako lanen likidazioagatik jaso behar duen dirua obran ziharduten eta kobratu barik geratu diren ofiziale elkarteei ordaintzeko, udal egoitza zaharberritzeko proiektua ahalik eta lasterren hasteko berriz. Argazkian, Etxe Sorgindua obretan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!