Indabada Mundialerako txartelak salgai daude jada

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 28a, 14:09

Azaroaren 15ean, larunbata, ospatuko da Algortako Txiki eta Otaegi plazan IX Indabada Mundiala. Eta dagoeneko Algortako Gazte Asanbladak prest dauka egun horretarako egitaraua: babajana herrikoia eguerdiko ordu batetan abiatuko dute, sagardo txotxa, ekitaldia eta aurreskuarekin, gero bazkari herrikoiarekin jarraitzeko. Ondoren, zozketak, kantak eta bestelako jarduerak izango dira, bazkalostea animatzeko. Plaza ganoraz bildu eta atondu ostean, txikiteoaren ordua helduko da, Elektrotxarangak alaituta, eta baita herriz aldatzeko tenorea ere, jaialdiak Getxoko Txorimalo gaztetxean jarraituko baitu, urteroko gaupasa dela medio. Txartelak 6 eurotan daude salgai Amnistia, UK eta La plaza tabernetan eta Eztabaida gunean. "Asko eskertuko genuke aurretik erosiko balira, zenbat jende datorren kalkulatzeko", adierazi du Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Bitartean, Indabada antolatzeko, astelehenero, 18:00etan, Txorimalo gaztetxera joatera animatu dituzte neska-mutilak. Argazkian, iaz inoiz baino lagun gehiago batu ziren Indabadan, 600 bat pertsona, ekitaldia Algorta, Getxo eta Berangoko hainbat gazteren atxiloketak salatzeko ekimen bihurtu zela. Argazkiak hemen ikus daitezke.

Algortako Gazte Asanbladak 9 urte daramatza lapikoak indabaz betetzen eta herria elikatzen. "2000tik hona gauza asko aldatu dira", diote AGAkoek, "baina guk hasierako filosofiarekin jarraitzen dugu, herritik sortutako jai bat herriarentzat". Azaroaren 15ean, "gure Txiki Otaegi plaza sagardoz, indabaz, alaitasunez eta aldarrikapenez beteko dugu, baita giro hori Algorta osora hedatu ere, arrastiko poteoaren bitartez. Parranda eta borroka grinak gainetik kendu ezinik, kaleak berreskuratuko ditugu beste behin ere", gaineratu dute.

Hona hemen egitaraua:

13:00 Txotxa.
13:30 Ekitaldia eta aurreskua.
15:00 Bazkaria. Eta gero zozketak, kanta herrikoiak, bingoa, apustuak...
20:00 Poteo herrikoia Elektrotxarangak alaituta.
02:00etatik aurrera, gaupasa Txorimalo gaztetxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun