Ezkerabertzalea.info webgunearen aurkezpena:
Ezker Abertzalearen webgunea martxan!
Ezker abertzaleak atari berri bat zabaldu du interneten: www.ezkerabertzalea.info. Gune hau ezkertiar eta independentista guztiei tresna berri bat eskaintzeko bokazioz jaio da, independentzia eta sozialismoaren bidean erreferentziazko ataria izan nahi duena, eta askapen borrokaren ispilu.
PSOE gogor ari da ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurka, eta gure herrian salbuespen egoera basatia ezarri du. Kosta ahala kosta isilarazi nahi du gure mezua eta gure jarduera publikoa galarazi, ezker abertzaleak Euskal Herriari egiten dion eskaintza eta herri honentzako duen proiektu politikoarekin behin betikoz amaitu ahal izateko. Baina, horrez gain, badugu zorigaiztoko beste plus bat ere, hau da, ohiko komunikabideetan jasaten dugun boikot mediatikoa, zentsura, manipulazioa eta intoxikazioa.
Guk askotan esan dugu, erasoak eraso eta, oztopo guztien gainetik, gure lan politikoarekin aurrera egingo dugula eta atari digital hau da horren lekuko. Interneten leiho bat ireki dugu, gure ekimen politikoari pertsiana bota nahi dioten garai hauetan, gure ahotsa, mezua eta eskaintzak Euskal Herriari zabaltzeko, munduari zabaltzeko. Ahots propioz jardungo dugu, gu izanik gure mezuaren sortzaile eta kudeatzaile, besteek guri buruz zer esan edo kontatuko duten itxaron gabe.
Zentzu horretan, gune honek egunerokotasunari erantzun nahi dio, batez ere. Eta egunerokotasuna bi norabidetan jorratuko dugu: alda betetik, ezker abertzalearen jarduera publikoaren isla izango da gune hau eta, hemen topatuko ditu nabigatzaileak gure agerraldi, hausnarketa politiko eta ekimen guztiak. Eta hori formatu ezberdinetan egongo da ikusgai, argazki, bideo, testu edota ahotsaren bitartez. Eta, beste alde batetik, analisiek toki berezitua izango dute. Egunero gai zehatz baten inguruko irakurketa politikoa jasoko du: Astelehenero egoera politikoaren inguruko analisiak jasoko ditugu, asteartetan arlo sozioekonomikoaren ingurukoak, asteazkenetan lurralde antolaketari lotutakoak, ostegunetan euskara edota hizkuntza normalizazioa izango dugu hizpide, ostiraletan hezkuntzaren arloan sakonduko dugu, eta larunbatetan parekidetasuna eta feminismoaren ingurukoak.
Horretaz gain, arreta berezia jarriko diogu ere ezker abertzaleak herriz herri egiten duen lan eta jarduerari, izan ere, komunikabide handietan apenas tokirik ez duen lan eta esfortzu handi horren ispilu izateko helburua du gune honek.
Halaber, nazioarteak ere izango du bere tokia eta atal honetan bi motatako informazioa jasoko da: batetik, ezker abertzaleak nazioartean egiten duen lanaren berri emango da, eta, bestetik, ezker abertzaleak munduan dauden gatazken inguruan egiten duen irakurketa politikoa plazaratuko da.
Gune dinamikoa izango da batez ere, egunerokotasunari oso lotuta, baina, horretaz gain, hainbat dokumentu ere izango ditu irakurgai gune honen erabiltzaileak, besteak beste, ezker abertzaleak Euskal Herriarentzat duen proiektu politikoa jasotzen duen dokumentua edota Marko Demokratikorako Proposamena.
Hau guztia abiapuntu bat baino ez da, eta, noski, ekarpenetarako irekia. Internetek zerbait ona badu, hain zuzen horixe da: ez da liburu bat hasiera eta bukaera duena, amaierarik gabeko itsaso honek halako egitasmoak gorpuzteko eta hobetzeko hamaika aukera eskaintzen ditu.
Horregatik, zure zerbitzura jarri dugun tresna da, on dagizula!
ezkerabertzalea.info