Ekologistak Martxan elkarteak,
Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak, Osasunaldek eta Alonsotegiko eta Bilboko Errekalde eta Zorrotzako auzo taldeek erabilpen bakarreko plastikozko poltsak desagertzeko kanpaina bat egingo dute, "Euskadi plastikozko poltsa barik" izenburupean, prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez. Horrela, administrazio publikoei (udalak eta Jaurlaritza) poltsen mugarik gabeko kontsumoa zerga ekologiko baten bidez arautzea eskatu diete, 0,20 euro kobratuz poltsa bakoitza. Zerga horrekin zaborren gutxipena lortzeko ikerketak eta teknologien garapena bultzatu nahi dute, baita erabilpen bakarreko poltsak komertzioen esparrutik desagerraraztea ere. Halaber, merkataritza guneei eta dendariei plastikozko poltsak ordezkatzea eskatu diete, beste sistema batzuk erabiliz, adibidez oihalezko poltsak, gurditxoak, paperezkoak, saskiak eta abar. Gainera, kontsumitzaileei plastikozko poltsei "ezetz esatea" proposatu diete. Kanpainaren barruan, merkataritza zentro handiekin elkarrizketak egin, udaletan mozioak aurkeztu, webgunean kanpainarekin bat egiteko (pertsonak, taldeak, elkarteak, dendak eta udalak) atxikitzeko orria jarri eta triptikoen banaketa egingo dituzte. Besteak beste, Getxoko Udalak 200.000 plastikozko poltsa banatu zituen apirilean paper, plastiko, brick, lata eta bestelako ontzien banaketa eta birziklapena "hobetzeko" sentsibilizazio kanpainan. Argazkian, Keltse Eiguren tokiko Ingurumen zinegotzia aipatu ekimena aurkezten.